Archive for 2006(e)ko apirila

h1

Ardotxi eta biok ehizean / Xabier Oleaga

2006/04/03

Perrocazador

Ardotxirekin hainbat arlotan egin dut topo. “Egin” egunkarian lehen aldiz, Gaindegian azkenik. Oraindik ere ezina egiten zait Gaindegiaz gogoratzea Ardotxiz gogoratu gabe.

Baina solemnitateak eta kontsiderazio sakonak alde batera utzita, Ardotxiz oso gutxi ezagutzen den fazeta batetaz hitz egin nahi dut. Ehizarako afizioa ere konpartitzen nuen Ardotxirekin. Urrian eta azaroan goizeko hiruretan jeiki eta Aranoko uso-pasako postuetara egin genituen bidaiak ditut gogoan. Kotxez Aranora iritsi, handik hiru ordu laurden oinez mendian zehar, gabaz. Zozketa egiten zen gunera iritsi, eta tokatzen zen postuaren arabera, beste ordubete-edo mendian zehar, gabaz, postura iristeko. Uso gutxi suertatu zitzaizkigun urte hartan. Hori bai, hizketaldi luzeak, zahatoko ardoa, Idiazabalgo gazta eta fueta… Ehizako afizioa bera eztabaida-gai ideologiko genuen… nola ez Ardotxirekin!. Ezina zen eztabaida ideologikora ez eramatea edozein gai berarekin. Kontraesan bezala bizi genuen biok. Alegia, ehizarako gure joera primarioa eta naturarekiko harreman depredatorioa nola uztartu, beharrik gabe afizio hutsarengatik egindakoa… Azkenean biok utzi genion ehizara joateari, bakoitzak bere aldetik, tentazioaren eragina biok aitortzen bagenion ere elkarri.

Eta zenbat maite zuen ama, bere ama alarguna. Zein maitasunez hitz egiten zuen bere amaren sukaldaritzako trebetasunaz. Guk ehizatutako usoak prestatu zizkigun behin, txokolatez egindako saltsa gozoz. Ez zait inoiz ahazten.

Beti arte, Ardotxi, lagun ona.

Xabier Oleaga

Advertisements