Gaur bi urte -2005eko martxoaren 28a- astelehena zen: Aberri Egunaren biharamuna eta Pazko bigarrena. Baina gutako batzuentzat, Joxe Ramon hil zen eguna izango da.
Joxe Ramoni zor diot neure bizitzan izandako tiragoma bakarra. Baina baita, tiragomarekin batera, eman zidan agindu hura ere:
-Txantxangorriei ez bota sekula. Txantxangorriak ez dituk hil behar…
Eta doinu misteriotsuan kontatu zidan zergatia; halako doinua baliatzen baitu hamalau urteko mutiko batek, konplizitatez, hamabi urteko bati bizitzako ezkutukoak azaltzeko. Kontatu zidan nola, Jesus gurutzean zegoela, txantxangorri bat inguratu zitzaion eta nola mokoaz kendu zion buruko arantzetako bat eta nola odol-tanta atera zitzaion Jesusi burutik eta tanta hark busti zuen txantxangorriaren paparra. Eta nola, Jainkoaren esker onez, geroztik papar gorria duten txantxangorri guztiek…
Kontalari ona zen Joxe Ramon mutikotan. Ez nuen uste, ordea, Mentxakaren aitorpena bezalako kontakizun zirraragarririk utzi behar zigunik.
Bai: Joxe Ramon Goikoetxea Ardotxi da nire mutikotako Joxe Ramon hura, iaz plazaratutako Mentxakaren aitorpena liburuaren egilea. Hor ditugu, xehe, zehatz, leial eta zintzo kontatuak, Joxe Ramonek Bilboko komisarian pasatako hamabost egunak. Hasi eta buka irakurri nuen liburua, atera berritan. Eta, ia urte erdi geroago ere, indar handiz entzuten dut tarteka liburuko zenbat pasarteren oihartzuna.
Heriotzak kenduko dizkigu adiskideak. Baina betiko gelditzen zaizkigu, han-hemengo papar gorrietan, adiskide horiek beren bizitzan ateratako arantzen aztarnak. Ez. Heriotzari ere ez dagokio azken hitza.
Pello Esnal, Diario Vasco, 2007-03-28