
1. Nor zen Ardotxi
Jose Ramon Goikoetxea Sorondo (goitizenez “Mentxaka”, “Ardotxi” eta “Gorri”) Andoainen jaio zen, 1948ko abuztuaren 14an. Gazterik hasi zen langileriaren eta Euskal Herriaren aldeko borrokan. 1968ko abuztuaren 12an atxilotu zuten bere jaioterrian, eta urte bereko Gabonak arte kartzelaratu. Kartzelatik atera eta laster, Iparraldean errefuxiatu zen. 1971ko martxoaren 7an atxilotu zuten berriro, Bilbon, ETA VI Asanbladako beste kide batzuekin batera.
Espainiako TOPek (Tribunal de Orden Público) zortzi urteko sententzia ezarri zion, eta bost urte egin zituen Soria, Jaen eta Carabanchelgo espetxeetan. Franco diktadorea hil ondoren emandako indultuarekin irten zen kartzelatik. Euskal Herrira bueltatu zenean, ETA VI.ean hartutako konpromisoari jarraipena eman zion LKIn
Gustuko zituen lan munduko gaiak, langileen borroka eta ekonomia bere osotasunean. Egin egunkaria sortu eta gutxira, bertan hasi zen lanean, eta kazetaritza ikasteari ekin zion. Ekonomia sekzioan lan egin zuen, 80ko hamarkadako langile borroka gogorrei buruzko informazio zehatza ematen eta azterketak prestatzen. Garai hartan hasi ziren bere harremanak LAB sindikatuarekin, eta 90eko hamarkadan Egineko langileen batzordeko partaidea izan zen.
1995ean, LABek deituta, sindikatura pasa zen, liberatu moduan, Iraultzen aldizkariaren ardura bere gain hartzeko. LABeko Nazio Biltzarreko kidea izan zen 2000tik aurrera eta Batasuna prozesuko eztabaidetan parte hartu zuen. Gaindegiaren sortzaile eta kide aktiboa izan zen.
Bi alaba izan zituen Agurtzane bere lagunarekin. Bat-batean hil zen, bihotzekoak jota, 2005eko Aberri Egunaren biharamunean. Bere eskaria betez, Etenetako muinoan jaso genituen errautsak.
Ardotxiren gorazarre
Ateri jo du gaur tximistak
ez da trumoirik entzun
baina zuhaitza zegoen lekuan
zulo haundi bat utzi digu.
Rafa Egiguren, 2005-03-28
Utzi erantzun bat