Archive for 2006(e)ko azaroa

h1

Komentarioa / Goizalde Landabaso

2006/11/19

Errealitate nobelatua zela irakurri nuen azalaren atzealdean, beste azalean, printzipalenean askorentzat. Liburua irakurri baino lehen izan zen hori, eta erabaki behar izan nuen “errealitate” edo “nobela” moduan irakurri. Ez zegoen zertan egiterik, badakit, baina idatzitakoan murgiltzeko sinisgarriagoa egingo zitzaidalakoan nengoen. “Nobela” aukeratu nuen.

Hasi-hasieratik harrapatu nauela aitortu behar dut. Thriller-a bailitz irentsi dut hasieratik amaieraraino. Aitorpena sartzeko modua gustatu zait batzuetan; jazo zenaren aurpegi biak islatzen zituelako.

Besteetan, berriz, dena bat eginda agertzea hobe zela pentsatu izan dut. Izan ere zipriztinka ematen da lanean. Kapitulua amaitu eta zatitxu bat ematen dizute, irakurri berri duzunari dagokiona hain zuzen ere. Baina linealtasuna apurtzen du, erritmo ezberdineko irakurgaia bihurtuz. Jauzika zoaz, joan. Are gehiago, horrek ekarri nau errealitatera, aitorpenaren gordinak, tantaka eman bada ere.

Gaur egun politikagintzan edo gizarte mailan ezagunak direnen izen-abizenek ere ozen esaten dizute. Irakurtzen ari zaren hori dena pasatu izan zela berresten du. Bada bai errealitatea, eta ez da ez, nobela.

Zurrunak begitandu zaizkit pasarte batzuk, pisutsuegiak.
Bizipenetatik urrundu denean batipat, alegia politika hutsaren jarduerari egokitu zaionean lausotu zaizkidala eleberriaren bideak. Beharbada “nobela” aukeratu nuelako, “errealitatea” aukeratu izan banu fikzio-zantzua duena izango litzateke maldan gora bihurtuko zitzaidakeena.

Idazkerari dagokionez ondo bereizita agertzen dira aditz-denboren bidez aspaldiko oroitzapenak eta aitorpena eman bitarteko tarte iluna. Bere buruari idatzitakoa begitandu zait zenbaitetan, esan nahi dut, Egileak bere buruari kontatu nahi izango bailio egun haietan jazotakoa.

Liburua amaitu arte ez dut egilearen argazkia begiratu. Azalaren alde ostenduan agertzen da. Azala tolesten den horretan.

Zuri-beltzean.
Serio.
“Bai, egia da” esatear dagoela ematen du. Atzamar-arteko zigarroari (beltza, bidenabar) kea dario. Grisa kea. Lausotu egin nahi du bere argazkia, baina indartsuagoa da bere begirada eta bazter batean geratzen da zigarroaren gandua.

Goizalde Landabaso

EITB.com-en argitaratua

h1

Aitorpena / Felipe Juaristi

2006/11/17

Nobela baten aurrean gaude, eta ez historia-liburu baten aurrean. Nobela batek gerta zitekeena kontatzen du; historia-liburu batek gertatu zena. Gerta zitekeena eta gertatu dena, horra hor katearen bi aldeak. Historia-liburu bat gerta zitekeena eta nobela bat gertatu dena kontatzen hasten denean sortzen da zalantza, duda eta ezustekoa. Mentxakaren aitorpena izeneko honetan, izenburuak berak esaten duen bezala, ETAko militante baten aitorpena ageri da, baina ez dut uste zentzu moralean edo erlijiosoan hartu behar denik “aitorpen” hitza, baizik eta narratiboan.

Jarraitzen du

Felipe Juaristi

El Diario Vasco, 2006-11-17

h1

Langa irekitzea falta / Elixabete Garmendia

2006/11/12

Berak jositako harizko izara parpailaduna hilkutxari eusten dion mahaian. Bi kandela antzinakoak piztuta alde banatan, baezpada hirugarrena prest. Jantziak, belarritakoak, berak aukeratuak. Dena berak erabaki bezala.

Etxeko baratzan hilarria zain. Astebete lehenago bera ibili zen hilarria zein puntutan jarri behar zen, eguzkiari nola begiratu behar zion zuzentzen. Gauza bat bakarra geratu zitzaion egin gabe: etxeko langa irekitzea kartzelan dagoen semea sar zedin. Semeari “langa ireki” ezinaren penaz joan zen mundu honetatik anderea.

Langa zabalik egon zen semearentzat ez beste guztientzat. Hileta ordurako juxtu juxtuan eraman zuten dozenerdi ertzainen artean elizara. Elizkizunak iraun zuen bitarte guztian eskuak lotuta eduki zuten. Baita familiakoek, apaiza tarteko, ertzainekin hitzartutako bisita presatuan ere. Film irlandar baterako eszenak eta giroa.

Lotu zitezkeen, gidoia batere behartu gabe, Jose Ramon Goikoetxea Ardotxik “Mentxakaren aitorpena” liburu postumoan kontatzen dituenekin. Hamabost egun Bilboko Komisaria nagusian, 1971garren urteko martxoan, salbuespen egoera indarrean. Bere burua eta burkideak salbatzea du helburu militanteak, erakundea ez zulatzea, laguntzaileak arriskuan ez jartzea, eta horretan emango ditu buru argitasun izugarriz, egunez egun bi aste, tratu txar eta torturapean. Gorde beharrekoen artean, zenbait lagun kartzelatik askatzeko asmoari zegozkion oharrak.

Gordeegi, ezkutuegi egon da urtetan inoizko ihesaldirik handiena, Iruñeko Ezkaba mendiko San Kristobal gotorlekuan 1938ko maiatzaren 22an gertatu zena. Bertan zeuden 2.500 presoetatik ia 800 irten ziren. Noraezean galduta, 210 fusilatu zituzten, giza-ehizan. Hiruk bakarrik lortu zuten muga zeharkatzea. Iñaki Alforja iruñearrak, estreinatu berri duen “Ezkaba” dokumentalean, geratzen diren lekuko apurrei eman die hitza gotorlekuaren sekretua ager dezaten. Nazien kontzentrazio eremuetarako probaleku izan zen Estatu osoko presoak biltzen zituen kartzela. Iruñean Ezkaba-San Kristobal, Bilbon Artxanda edo Pagasarri edota Donostian Igeldo bezala da, hiriak beti begibistan duen mendi hori. Eta hala ere, dokumentalean azaltzen den bezala, inor gutxik daki iruñearren artean zer gertatu zen han.

Gotorlekua bere hartan dago: presoak bizi ziren pabiloi eta brigadak patioaren alde banatan, galeriak, harraskak, komuntzat erabiltzen zituzten zirkiluak, lokutorioa… Denborari muzin eginez, kartzela frankisten filosofia ankerra adierazten duen pintada horma batean. Iñaki Alforjak bizirik dirauten lekukoen testigantzak bertan grabatu nahi zituen, baina Armadak ez zion baimenik eman. Hogei urte pasa militarrek handik alde      egin zutela eta hala ere bala zorro jaurti berriak lurrean, baimenarekin sartzen direnenak derrigor. Ezkaban “Igeldo bat” egin nahi omen dute agintariek. Oraindik hango sotoetan arnasten den izua gezurretako emozioetan urtu nahiko dute.

1938, 1971, 2006… Hogeita hamarnaka urtetako mugarriak, kiribil eta korapilo ugariko lokarri bakar batean. Berandu bada ere, berandutxo gehienentzat, Ezkabako presoek aurkitu dute ahanzturatik atera dituen narratzailea. Ardotxik, bere bizipenen bidez, bere belaunaldiko askorenak utzi ditu idatzita, panfletoak bota eta pintadak eginez militantzian abiatzen ziren gazte haienak. Zenbat denbora behar ote da Ken Loachen eskolako zinegileak semeari langa ireki ezinik hil zen amaren historia iraganean konta dezan?

Elixabete Garmendia

Argia aldizkarian argitaratua

h1

Memoriaren lekukotza / Iratxe Retolaza

2006/11/12

Mentxakaren aitorpena narrazioan 1971. urteko martxoaren 7tik 21era Mentxakak polizia-etxean egindako hamabost egunak dira kontagai. Izenburuko aitorpena-k ere, narrazioaren abiaburu eta gune nagusi den polizia-etxeko deklarazioari egiten dio erreferentzia, azken batean, poliziaren aurrean aitorturikoen eta aitortu gabekoen arteko solasa baita narrazioaren harietariko bat, korapiloetariko bat. Aitorturikoen eta aitortu gabekoen arteko joan-etorria irudikatzeko, hiru plano erabili dira, eta hartara, hiru narratzaile.

Lehenik, atxiloketa eta atxilo-aldiaren berri ematen duen narratzailea dugu, bigarren pertsonan eta orainaldian mintzo dena, eta irakurleari egoeraren larritasuna kutsatzeko-edo, deklarazioen berri modu zuzenagoan eta abiada biziagoan ematen duena. Bigarrenik, lehen pertsonan mintzo den narratzaile batek, Mentxakak, ETA erakundean eginiko ibilbidea du kontagai, atzeraka begira eginiko ibilbidea, eta hartara, distantzia neurtuagoz eta erritmo neurtuagoz egindakoa. Hirugarren plano batean, deklarazioaren transkribapena egiten da, gazteleraz, bere horretan. Hiru plano hauek gurutzatuz narrazioak erritmo biziagoa hartzen du, eta datuen pilaketa soila ekidin. (…)

Jarraitzen du

Berria, 2006-11-05

h1

Iragana bizirik / Teresa Toda

2006/11/02

Urigain izena duen etxea, Andoainen, urriaren 5eko iluntzean. Joxerra Goikoetxea, Ardotxi, ez dago fisikoki bildutakoen artean, baina liburuaren orrialdeetan, lagunen bihotzetan, hizlarien hitzetan bere presentzia gorpuzten da. Baita etxe zahar horren hormetan ere, hortxe bizi baitzuen bere gaztaroa Iraultzeneko zuzendaria izan zenak.

“Mentxakaren aitorpena” bere lan autobiografikoaren argitaratzearekin, mahai ingurua burutu zen Andoainen, idazlea eta garai hartako bere bizipenak aztertzeko. Xabier Mendiguren editorea, eta Ardotxiren militantziako kideak izan ziren Emilio Lopez Adan, “Beltza”, eta Jose Idoiaga, “Petxo”, bildu ziren Elisabete Garmendiaren gidaritzapean.

Zaila zen pertsona bera eta bizi zituen garaiako gertakizunak bereiztea, baina 1969-71ko markoan ipinitako koadro polit eta gertukoa marraztea lortu zen aretoan. Eta Ardotxi beranduago ezagutu zutenentzat, lehio bat ireki zen Ardotxi gaztearengana hurbiltzeko eta berak bizitza osoan erakutsitako izaera eta konpromiso iraultzailea gaztetik zetozela baieztatzeko.

ETAren lehenengo urteak ziren, eta garai hartako kontzeptu idelogiko orokorrak –marxismoa, iraultza, klase sozialak…- frankismoa, Euskal Herria nola garatu, borroka motak, bizi planteamenduak… dena zegoen eztabaidagai, baina eztabaidak ez zuen ekimenak geldiarazten. Bietan bete betean hartu zuen parte Ardotxik. Konpromiso militantera nola iritsi ziren aipatu zen baita ere, nahiz eta gero, urteetan zehar bakoitzak bide ezberdinak hartu.

Bereziki hunkigarria izan zen Ardotxirekin atxilotua izan zen Iñaki Arranbarriren interbentzioa. Hitz xume eta zuzenetan, han zeudenen aurrean liburuko bizipenak gorpuzten lortu zuen.

Urigain3

Bizi garen momentuan, memoriaren berreskuratzeak garrantzia handia du. Etorkizuna eraikitzeko, iragana ezagutu behar da. Gure kidea izan zenaren liburua ekapen aberatsa da bide horretan.

Teresa Toda, Iraultzen 138 zk.

Hementxe, Txolarre Irratiaren kronika

h1

Fikzioaz gaindi / M. Jauregi

2006/11/02

Euskal Herriaren historiak istorio ugari ditu bere baitan. Fikziozkoak diruditen arren, benetakoak diren hamaikatxo kontakizun. Horietako batzuk aurrekoengandik jasoak ditugu. Beste batzuk, ordea, belaunaldi batetik besterako iraganbidean geratu dira, ez baita beti erraza izaten norbere bizipenak besteren egitea. Aspaldidanik omen zuen Ardotxik bereak liburu batean jasotzeko asmoa…Eta hementxe, esku artean dugu Mentxakaren Aitorpena. 

Urteetan atzera egiteko abagune bikaina eskaintzen du liburu honek. Frankismoa eta diktadura osteko garaia bizi izan zutenentzat, memoria freskatzeko ariketa izan daiteke. Geroagokoak garenok, berriz, garai hartako egoera sozio-politiko eta ekonomikora gerturatzen gaitu, besteak beste.

Denborak ez du beti balio bera. Komisarian emandako egunak amaiezin bihur daitezke. Zer esanik ez, salbuespen egoera indarrean izanda, egonaldia nahi adina luzatu dezaketenean. Mentxakak 15 egun eman zituen barruan eta 15 atal (egun bakoitzeko bat) ditu liburuak. 15 mila pezetako fidantzapean berreskura zitekeen askatasuna garai hartan, edota betirako galdu, hori ere bai.

70. hamarkadako zertzelada gutxi batzuk dira horiek. Irakurketak aurrera egin ahala, gehiago aurki daitezke. Deigarriak asko, egungo ikuspuntua besterik ez dugunontzat, baina ezagunak ere bai, torturaren inguruko kontakizunak kasu, denboraren joan-etorrian bere horretan mantendu direnaren seinale.

Burgosko prozesua, Roberto eta Botella operazioak, Baionan 1970eko martxoaren 17an hasitako gose-greba, lehenago Martuteneko espetxean egindako egonaldia… Deklarazioetan edo haietatik kanpo, arnasbide moduan, garaiko gertaera nagusienei errepasoa ematen die preso dagoen bitartean.

Gogoeta sakonak etengabe islatzen ditu hasieratik bukaerara arte. Baita, orokorrean, ETAren orduko barne-eztabaiden nondik norakoak ere: erakundearen VI. biltzarra, Lege Sindikal berriaren aurrean hartu beharreko jarrera… Garaian kokatu eta bidezidor ezberdinetan barrena abiatzeko aukera ematen duten gogoetez jositako lana da honako hau. Eta liburu batek gurasoei entzundako pasadizoak gainditu ditzakeenean… Irakurtzea merezi du.

M. Jauregi,  Iraultzen 138 zk.

h1

Beti zutik zegoena / J. Bustillo

2006/11/01

Mentxaka ez nuen inoiz ezagutu, Ardotxi ezagutu nuen. Badakigu biak zirela pertsona bera: Jose Ramon Goikoetxea Sorondo, andoaindarra. Joserra ni baino hamar urte aurrerago sortu zen Adarraren magalean. Nik, gazteagoa eta bizkaitarra izanda, Mentxakaren garaia ezagutzeko aukera galdu nuen, zoritxarrez. Aldiz, Ardotxiren garaia, tarte bat behintzat, ezagutu nuen, bai “Egin”en, bai sindikatuan.
Beraz, Joserra militantea ez nuen ezagutu, Joserra kazetaria, ordea, bai, eta oso ondo. Ardotxi potoloa zen, beltzez jantzi ohi zen eta… marxista edo troskoa zen, berdin zait. Batez ere, oso tipo atsegina zen Ardotxi, nahiz eta pixka bat burugogorra izan.
Baina ez da hori gaurko kontua. “Mentxakaren aitorpena”k hizpide ematen dit hausnarketa pare bat egiteko. Alde batetik, Joserraren apustua iraultza izan zen, hori ziur. Garai hartan, frankismoaren azpian hartu zuen bidea, bide zuzena izan zen: borroka armatua. Eta inoiz ez zitzaion damutu. Beste gauza bat da aspaldi samarretik epilogo batzuei buruz pentsatzen zuena, noski. Ondo zekien, beste aro batean egonda, borrokak politikoa izan behar zuela, edo bestela dena pikutara joango zela
Beste aldetik, adiskide zen Ardotxi. Bere ingurukoekin, bere lankideekin, edozein lekutan. Oso lagun leiala ere bai. Eleberrian agertzen da alde hori, eta merezi du azpimarratzea. Borrokan edo kazetaritzan beti zegoen zutik, ezkutatu barik. Jarraitzeko eredu ona, benetan.
Adituak soberan ditugu kritika profesionala egiteko. Horrexegatik hitz hauek beste asmo batekin doazkizue: Ardotxiren izaera eta jarduera nabarmentzeko asmoarekin. Iaz joan zen, ohar zaitezte, baina eleberri honetan itzuli da bizi-bizia. Horrelakoa izan zen Ardotxi eta horrela gogoratuko dugu beti.

http://jbustillo.blogspot.com.es/2006/10/beti-zutik-zegoena.html