Archive for the ‘Lagunen txokoa’ Category

h1

10. Urteurrenean

2015/03/28

Ardotxiren ibilbidea,

bere bizitzako une hunkigarri

batzuen irudiak,

berak idatzitako liburuaren pasarteak,

bere lagunen hitzak

eta berari buruzko testuak,

poemak eta bertsoak,

ekarri ditugu liburu honetara.

azala proba 2

Borrokalaria eta militantea ez ezik,

lagun eta lankide ona,

senide eta adiskide maitea

galdu genuenetik

hamar urte igaro eta gero,

orrialde hauek atondu ditugu

berak egindako lanaren

eta berarekin bizi izandako

egunen eta ametsen oroigarri.

 

2005-03-28 / 2015-03-28

h1

Etorkizuna ehuntzen / Teresa Toda

2015/03/22

Gaur, 2015eko martxoaren hasieran, Muliskon izan naiz. Handik, inguru magiko hartatik, Adarra mendia ikusten da, eta hari ikusezin baten indarra sentitu dut, Muliskoko harri zaharrak eta Etenetakoak lotzen dituena. (Bitxia da, harri eta hari hitzen artean dagoen diferentzia bakarra “r”a da… Hain gauza ezberdinak, bata, berez sendoa; bestea arina, baina biak, azken finean, iraunekoak). Iragana, oraina, etorkizuna. Gaur iragana dena atzoko etorkizuna zen; gaur gertatzen zaiguna biharko iragana izango da. Etengabeko katea, historia idatziaren aurreko emakume-gizonak hasita, mendez mende, Ardotxi bezalako pertsonak baita gu geuk eta gure ondokoek mugagabeki osatzen duguna.

 

IMG-20150301-WA0001

Herri bat sortu du indar teluriko horrek; Mulisko inguruko mendiak bere beharra, bizitza, kultura, baita aisiarekin ere landatu dituena. Lurrarekin eta Naturarekin lotuta, nortasun sendoa duen herri honek, bizirauteko borrokan dihardu. Gaur, aurreko mendeetan bezala. Ardotxi borroka horren ale bat izan zen, modu askotariko alea, gainera. Bere motxilan esperientzia bortitzak zein pozgarriak zeramatzan gizon ederrak bizitzaren ibilbide ezberdinak zapaldu zituen, bere begi urdinekin mundua aztertuz, bere buru argiarekin iraultza aldarrikatuz. Bai, iraultza bat non euskal nazioaren eraikitze zein aldaketa sozial sakonaren ondoan sentimendu eta emozioen iraultza emango baitzen, benetako jendarte berriari bidea emanez.

Hamar urte pasa dira Ardotxiren argibide luzeak entzun gabe. Hamar urte non Ardotxik ezagutu zuen munduan aldaketa sakonak eman diren, gehienak, zoritxarrez, ez berak amesten zuen iraultzarantz. Asko falta da, asko falta zaigu hara iristeko… Hori bai, berak ezinbesteko zeritzon egoeran gaude Euskal Herrian, baina egoera inperfektua da oraindik, Ardotxi, hortxe gabiltza, hormatzarrak botatzeko ahaleginetan. Lana daukagu, bai!

Arlo pertsonalean, hamar urte hauetatik sei, Euskal Herritik kanpo, behartua, pasa ditut. Denbora horretan, lagun asko izan ditut gogoan, nirekin “txaboloan”. Haien artean, joandako batzuk, Ardotxi bereziki. Haiengandik ikasitakoa lagungarria izan zait, indartu egin nau. Baita modu zuzenean, bisitetan, Agurtzane, Garazi eta Maddik eman didatena ere. Maitasuna, irribarreak, pasadizo eta gertaerak, gutunak eta argazkiak… Bihotzean ditut horiek guztiak, betirako.

Mendiak ere bete ditu nire txangoak txaboloan, askotan. Mendian nintzen Ardotxi hil zen egunean, eta mendietara bueltatu naiz azken urte t’erdi honetan. Adarra eta haren ingurua bereziki maite dut; eta igotzen naizen bakoitzean Ardotxiri muxu bat helarazten diot…

IMG_20150215_114140

Aurrera egiten dugu, kolektiboki zein pertsonalki. Etengabe, batzuetan bideko bihurgunetan harrapatuta, baina aurrera. Bizitzen, lan egiten, kontraesanak gainditzen, lagunekin konpartitzen, Natura eta herria zaintzen. Mulisko eta Etenetako harriak zutik jarri zituztenei jarraipena emanez, gure garaiko Mulisko eta Etenetako guneak zabaltzen. Etorkizuna ehuntzen, harriz eta hariz.

Teresa Toda, 2015-3-1

 

h1

Zortzi urte

2013/03/30

Berriro ere, Joxe Ramon gogoan eta bihotzean.

Lehengoan irakurri nuen:

heriotzaren antonimoa ez dela bizia, baizik jaiotza.

Jaio baino lehenago ere hor zegoela Bizia,

eta hilda gero ere hortxe izango dugula.

Pasagunea besterik ez dela heriotza.

Segi goiari eusten, bizia bizituz.

Bihotzez. Pello

h1

Gaur zazpi urte

2012/03/30

Urtero, martxoaren amaiera hurbiltzean, badakit zenbait adiskide gogoratuko zaretela Joserraren urteurrenarekin. Horien artean, seguru-segurua, Pello Esnal.

Ondoko mezua bidali zidan martxoaren 28an:

Gaur zazpi urte joan zitzaigun Joxe Ramon.
Gaur zazpi urte gurekin dugula beste era batean.
Hitzek ihes egiten digute, baina biziak ez.
Besarkada handi bat.
Bihotzez.

Nik argixeago adierazteko eskatu, eta hauxe erantzuna:

“Hitzek ihes egiten digute, baina biziak ez”.
Zer esan nahi nuen horrekin?
Bizia dugula sustantiboa, eta hitzak adjektiboak.
Hitzak motz gelditzen zaizkigula bizia zer den adierazteko.
Biziak bizi gaituela; eta ez hitzek.
Eta abar.
Ez dakit asmatu nuen hori esaten.

Bejondeizula, Pello. Besarkada handia zuretzat ere!

Agurtzane

h1

Gaur bi urte / Pello Esnal

2007/03/29

Gaur bi urte -2005eko martxoaren 28a- astelehena zen: Aberri Egunaren biharamuna eta Pazko bigarrena. Baina gutako batzuentzat, Joxe Ramon hil zen eguna izango da.

Joxe Ramoni zor diot neure bizitzan izandako tiragoma bakarra. Baina baita, tiragomarekin batera, eman zidan agindu hura ere:

-Txantxangorriei ez bota sekula. Txantxangorriak ez dituk hil behar…

Eta doinu misteriotsuan kontatu zidan zergatia; halako doinua baliatzen baitu hamalau urteko mutiko batek, konplizitatez, hamabi urteko bati bizitzako ezkutukoak azaltzeko. Kontatu zidan nola, Jesus gurutzean zegoela, txantxangorri bat inguratu zitzaion eta nola mokoaz kendu zion buruko arantzetako bat eta nola odol-tanta atera zitzaion Jesusi burutik eta tanta hark busti zuen txantxangorriaren paparra. Eta nola, Jainkoaren esker onez, geroztik papar gorria duten txantxangorri guztiek…

Txoria

Kontalari ona zen Joxe Ramon mutikotan. Ez nuen uste, ordea, Mentxakaren aitorpena bezalako kontakizun zirraragarririk utzi behar zigunik.

Bai: Joxe Ramon Goikoetxea Ardotxi da nire mutikotako Joxe Ramon hura, iaz plazaratutako Mentxakaren aitorpena liburuaren egilea. Hor ditugu, xehe, zehatz, leial eta zintzo kontatuak, Joxe Ramonek Bilboko komisarian pasatako hamabost egunak. Hasi eta buka irakurri nuen liburua, atera berritan. Eta, ia urte erdi geroago ere, indar handiz entzuten dut tarteka liburuko zenbat pasarteren oihartzuna.

Heriotzak kenduko dizkigu adiskideak. Baina betiko gelditzen zaizkigu, han-hemengo papar gorrietan, adiskide horiek beren bizitzan ateratako arantzen aztarnak. Ez. Heriotzari ere ez dagokio azken hitza.

Pello Esnal,   Diario Vasco, 2007-03-28

h1

Mahai-ingurua Andoainen

2006/10/02

Ostegun honetan, urriak 5, arratsaldeko 19:30etan, mahai-ingurua egingo dugu Andoaingo Urigain kultur etxean (udaletxearen ondoan).

Gaia: Ardotxik idatzitako “Mentxakaren aitorpena” eleberritik abiatuta, egilea, garaia, liburua bera, eta hortik sortzen diren hainbat adar.

Parte-hartzaileak: Petxo Idoiaga, Emilio Lopez-Adan “Beltza”. (Arantza Arruti ere parte hartzekoa zen, baina azken orduan ezin izan du)

Moderatzailea: Elixabete Garmendia

Edonor dago gonbidatuta mahai-ingurura, bereziki Ardotxi ezagutu zutenak, garai hartaz jakin-mina dutenak, liburua irakurri dutenak. Entzuteko ez ezik, hitz egiteko eta iritzia trukatzeko aukera ere izango dugu bertaratutako guztiok.

Ardotxiren lagunak

94140008

[Blogariaren oharra: Argazkia Karmele adiskideak egina da, Etenetan, 1. urteurrenean]

h1

Joxe Ramon / Pello Esnal

2006/09/28

Tiragoma bakarra izan dut bizitzan. Eta hura, Joxe Ramonek egina. Oso ona zen Joxe Ramon bai tiragomak egiten eta bai erabiltzen. Zenbat txori ez ote genituen bota! Hobeto esanda, zenbat ez ote zituzten bota Joxe Ramonek eta Ferminek. Haiek bota eta nik jaso.

Ni ez bainintzen gauza bakar bat ere jotzeko. Eginahalak egin bai: begi bat itxi, mingaina atera, gomei atzera tira egin, apuntatu eta harria bota. Baina txoria jo? Ezta, ezta metro batera ere!

Aspaldiko kontuak dira horiek: nik hamaika edo hamabi urte nituenekoak. Bi urte zaharragoak ziren Joxe Ramon eta Fermin. Horregatik ere izango ziren ehiztari hobeak, noski. Dena ez zen abildade kontua izango, zera!

Txoria

Gero, bizitzak banandu gintuen. Ni komentura joan nintzen hamalau urterekin, eta Joxe Ramon eta Fermin Andoainen gelditu.

Bost urte geroago bildu nintzen Joxe Ramonekin, Andoainen bertan. Ondo gogoan dut noiz ere: 1969ko Errege egunean. Ordurako, bera kartzelatik pasea zen. Eta nik, kantu bat ere egina nion, letra eta musika. Pianoz laguntzeko musika, zaragozar batek jarri zion. Sua eta garra zerion kantuari. Izan ere, zer ez genuen egiten komentuan!

Geroztik ez nuen gehiago Joxe Ramonekin hitz egin. Haren berri jakin bai; gertutik, gainera: nola berriz ere atxilotu zuten eta urte batzuk pasa zituen kartzelan, gorriak ikusita gero. Harik eta iaz, ustekabean, hil zen arte.

Orain, Joxe Ramonen Mentxakaren aitorpena liburu atera berria dut eskuetan. Xehe, leial eta zintzo kontatzen ditu komisariako hamabost egunak. Hasi eta buka irakurri dut. Duela berrogei urteko Joxe Ramon bera aurkitu eta berraurkitu dut liburuan. Eta dar-dar dut oraindik bihotza.

Pello Esnal

Diario Vasco, Bai horixe 2006-09-27

(Argazkiaren iturria: http://www.flickr.com/photo_zoom.gne?id=26367449&size=sr)

h1

Ardotxi eta biok ehizean / Xabier Oleaga

2006/04/03

Perrocazador

Ardotxirekin hainbat arlotan egin dut topo. “Egin” egunkarian lehen aldiz, Gaindegian azkenik. Oraindik ere ezina egiten zait Gaindegiaz gogoratzea Ardotxiz gogoratu gabe.

Baina solemnitateak eta kontsiderazio sakonak alde batera utzita, Ardotxiz oso gutxi ezagutzen den fazeta batetaz hitz egin nahi dut. Ehizarako afizioa ere konpartitzen nuen Ardotxirekin. Urrian eta azaroan goizeko hiruretan jeiki eta Aranoko uso-pasako postuetara egin genituen bidaiak ditut gogoan. Kotxez Aranora iritsi, handik hiru ordu laurden oinez mendian zehar, gabaz. Zozketa egiten zen gunera iritsi, eta tokatzen zen postuaren arabera, beste ordubete-edo mendian zehar, gabaz, postura iristeko. Uso gutxi suertatu zitzaizkigun urte hartan. Hori bai, hizketaldi luzeak, zahatoko ardoa, Idiazabalgo gazta eta fueta… Ehizako afizioa bera eztabaida-gai ideologiko genuen… nola ez Ardotxirekin!. Ezina zen eztabaida ideologikora ez eramatea edozein gai berarekin. Kontraesan bezala bizi genuen biok. Alegia, ehizarako gure joera primarioa eta naturarekiko harreman depredatorioa nola uztartu, beharrik gabe afizio hutsarengatik egindakoa… Azkenean biok utzi genion ehizara joateari, bakoitzak bere aldetik, tentazioaren eragina biok aitortzen bagenion ere elkarri.

Eta zenbat maite zuen ama, bere ama alarguna. Zein maitasunez hitz egiten zuen bere amaren sukaldaritzako trebetasunaz. Guk ehizatutako usoak prestatu zizkigun behin, txokolatez egindako saltsa gozoz. Ez zait inoiz ahazten.

Beti arte, Ardotxi, lagun ona.

Xabier Oleaga

h1

Zutaz oroitzean / Agurtzane

2006/03/28

Adarra xm

Zutaz oroitzean

ukabila jasotzen dugu,

feminismoaren ikurra marrazten,

eta mendi garaietako zeru aldean bilatzen

zure begien urdina

h1

Agian / Joxerra Bustillo

2006/03/28

Agian

Bizitzaren barrikadan

Bibotedun batekin topo egingo dut;

“Epeleko” tabernan

Lagun batekin menua eta kafea hartuko ditut,

Edo aldizkari batean

Iraultzari buruzko artikulu luze bat irakurriko dut,

Baina ez dira gauza bera izango.

Aldapatik bustillo txikia

Agian,

Mahaiaren alboan

kazetari batekin eztabaidatuko dut gure herriari buruz;

Udaberri bete-betean

Adarrara igoko naiz adiskide batekin,

Edo urrunean

Beltzez jantzitako gizon bat ikusi ahal izango dut,

Baina gauza bera ez dira izango.

Joxerra Bustillo Kastrexana

(Urnieta, 2006-03-12/24)