Archive for 2015(e)ko martxoa

h1

10. Urteurrenean

2015/03/28

Ardotxiren ibilbidea,

bere bizitzako une hunkigarri

batzuen irudiak,

berak idatzitako liburuaren pasarteak,

bere lagunen hitzak

eta berari buruzko testuak,

poemak eta bertsoak,

ekarri ditugu liburu honetara.

azala proba 2

Borrokalaria eta militantea ez ezik,

lagun eta lankide ona,

senide eta adiskide maitea

galdu genuenetik

hamar urte igaro eta gero,

orrialde hauek atondu ditugu

berak egindako lanaren

eta berarekin bizi izandako

egunen eta ametsen oroigarri.

 

2005-03-28 / 2015-03-28

h1

Etorkizuna ehuntzen / Teresa Toda

2015/03/22

Gaur, 2015eko martxoaren hasieran, Muliskon izan naiz. Handik, inguru magiko hartatik, Adarra mendia ikusten da, eta hari ikusezin baten indarra sentitu dut, Muliskoko harri zaharrak eta Etenetakoak lotzen dituena. (Bitxia da, harri eta hari hitzen artean dagoen diferentzia bakarra “r”a da… Hain gauza ezberdinak, bata, berez sendoa; bestea arina, baina biak, azken finean, iraunekoak). Iragana, oraina, etorkizuna. Gaur iragana dena atzoko etorkizuna zen; gaur gertatzen zaiguna biharko iragana izango da. Etengabeko katea, historia idatziaren aurreko emakume-gizonak hasita, mendez mende, Ardotxi bezalako pertsonak baita gu geuk eta gure ondokoek mugagabeki osatzen duguna.

 

IMG-20150301-WA0001

Herri bat sortu du indar teluriko horrek; Mulisko inguruko mendiak bere beharra, bizitza, kultura, baita aisiarekin ere landatu dituena. Lurrarekin eta Naturarekin lotuta, nortasun sendoa duen herri honek, bizirauteko borrokan dihardu. Gaur, aurreko mendeetan bezala. Ardotxi borroka horren ale bat izan zen, modu askotariko alea, gainera. Bere motxilan esperientzia bortitzak zein pozgarriak zeramatzan gizon ederrak bizitzaren ibilbide ezberdinak zapaldu zituen, bere begi urdinekin mundua aztertuz, bere buru argiarekin iraultza aldarrikatuz. Bai, iraultza bat non euskal nazioaren eraikitze zein aldaketa sozial sakonaren ondoan sentimendu eta emozioen iraultza emango baitzen, benetako jendarte berriari bidea emanez.

Hamar urte pasa dira Ardotxiren argibide luzeak entzun gabe. Hamar urte non Ardotxik ezagutu zuen munduan aldaketa sakonak eman diren, gehienak, zoritxarrez, ez berak amesten zuen iraultzarantz. Asko falta da, asko falta zaigu hara iristeko… Hori bai, berak ezinbesteko zeritzon egoeran gaude Euskal Herrian, baina egoera inperfektua da oraindik, Ardotxi, hortxe gabiltza, hormatzarrak botatzeko ahaleginetan. Lana daukagu, bai!

Arlo pertsonalean, hamar urte hauetatik sei, Euskal Herritik kanpo, behartua, pasa ditut. Denbora horretan, lagun asko izan ditut gogoan, nirekin “txaboloan”. Haien artean, joandako batzuk, Ardotxi bereziki. Haiengandik ikasitakoa lagungarria izan zait, indartu egin nau. Baita modu zuzenean, bisitetan, Agurtzane, Garazi eta Maddik eman didatena ere. Maitasuna, irribarreak, pasadizo eta gertaerak, gutunak eta argazkiak… Bihotzean ditut horiek guztiak, betirako.

Mendiak ere bete ditu nire txangoak txaboloan, askotan. Mendian nintzen Ardotxi hil zen egunean, eta mendietara bueltatu naiz azken urte t’erdi honetan. Adarra eta haren ingurua bereziki maite dut; eta igotzen naizen bakoitzean Ardotxiri muxu bat helarazten diot…

IMG_20150215_114140

Aurrera egiten dugu, kolektiboki zein pertsonalki. Etengabe, batzuetan bideko bihurgunetan harrapatuta, baina aurrera. Bizitzen, lan egiten, kontraesanak gainditzen, lagunekin konpartitzen, Natura eta herria zaintzen. Mulisko eta Etenetako harriak zutik jarri zituztenei jarraipena emanez, gure garaiko Mulisko eta Etenetako guneak zabaltzen. Etorkizuna ehuntzen, harriz eta hariz.

Teresa Toda, 2015-3-1