h1

11 . Urteurrenean

2016/03/28

Hona hemen Ardotxiren adiskide batek, Jesus Mari Begoñak, sortutako Andoindarrak izeneko jauzia pianoan lau eskuetara grabatua. Musikak Jose Ramonen bizitza laburtzeko asmoa du; esaldi bakoitzak haren bizitzaren pasadizu bat kontatzen du  musikaren lengoiaren bitartez.

Beste adiskide batek, Pello Esnalek, ondorengo bertsoak bidali zizkigun abuztuaren 14an:

Zure urdintasunean (Doinua: “Itsasoari begira”)

Gaur hamar urte utzi gintuzun

erarik gogorrenean.

Ondoren zenbat taupada triste

gure bihotz barrenean…

Egun batean itsasoak dei

arratsaren hutsunean,

beste batean izarrak argi

gau beltzaren ilunean…

Geroztik ez da zerurik falta

zure urdintasunean.

&&&

Opari handi izan zintugun

bizitzaren joanean.

Ai zer-nolako poz-jarioa

zurekin aldamenean.

Nahiz eta hamar urteko hutsak

zulatzen gaituenean

halako mira sumatzen dugun

bihotzaren barrenean,

inoiz ez zaigu zerurik falta

zure urdintasunean.

Inoiz ez zaigu uhinik falta

zure urdintasunean.

Inoiz ez zaigu zerurik falta

zure urdintasunean.

Inoiz ez zaigu zerurik falta

zure urdintasunean.

2015.03.28/29

2015.08.14

Mila esker, bihotz-bihotzez, Jesus Mari eta Pellori!

Agurtzane

Advertisements
h1

Berria-n argitaratutako elkarrizketa

2015/04/10

Aro bat amaituta, kontakizunen gatazkan bizi gara gaur. Gurea egitea garrantzitsua da, ez bakarrik atzera begira justizia egon dadin, baita aurrera begira ere gure ondorengoek etorkizun hobea izan dezaten. Hementxe 10 urteurrenaren harian Berria-n argitaratutako elkarrizketa.

 

 

h1

10. Urteurrenean

2015/03/28

Ardotxiren ibilbidea,

bere bizitzako une hunkigarri

batzuen irudiak,

berak idatzitako liburuaren pasarteak,

bere lagunen hitzak

eta berari buruzko testuak,

poemak eta bertsoak,

ekarri ditugu liburu honetara.

azala proba 2

Borrokalaria eta militantea ez ezik,

lagun eta lankide ona,

senide eta adiskide maitea

galdu genuenetik

hamar urte igaro eta gero,

orrialde hauek atondu ditugu

berak egindako lanaren

eta berarekin bizi izandako

egunen eta ametsen oroigarri.

 

2005-03-28 / 2015-03-28

h1

Etorkizuna ehuntzen / Teresa Toda

2015/03/22

Gaur, 2015eko martxoaren hasieran, Muliskon izan naiz. Handik, inguru magiko hartatik, Adarra mendia ikusten da, eta hari ikusezin baten indarra sentitu dut, Muliskoko harri zaharrak eta Etenetakoak lotzen dituena. (Bitxia da, harri eta hari hitzen artean dagoen diferentzia bakarra “r”a da… Hain gauza ezberdinak, bata, berez sendoa; bestea arina, baina biak, azken finean, iraunekoak). Iragana, oraina, etorkizuna. Gaur iragana dena atzoko etorkizuna zen; gaur gertatzen zaiguna biharko iragana izango da. Etengabeko katea, historia idatziaren aurreko emakume-gizonak hasita, mendez mende, Ardotxi bezalako pertsonak baita gu geuk eta gure ondokoek mugagabeki osatzen duguna.

 

IMG-20150301-WA0001

Herri bat sortu du indar teluriko horrek; Mulisko inguruko mendiak bere beharra, bizitza, kultura, baita aisiarekin ere landatu dituena. Lurrarekin eta Naturarekin lotuta, nortasun sendoa duen herri honek, bizirauteko borrokan dihardu. Gaur, aurreko mendeetan bezala. Ardotxi borroka horren ale bat izan zen, modu askotariko alea, gainera. Bere motxilan esperientzia bortitzak zein pozgarriak zeramatzan gizon ederrak bizitzaren ibilbide ezberdinak zapaldu zituen, bere begi urdinekin mundua aztertuz, bere buru argiarekin iraultza aldarrikatuz. Bai, iraultza bat non euskal nazioaren eraikitze zein aldaketa sozial sakonaren ondoan sentimendu eta emozioen iraultza emango baitzen, benetako jendarte berriari bidea emanez.

Hamar urte pasa dira Ardotxiren argibide luzeak entzun gabe. Hamar urte non Ardotxik ezagutu zuen munduan aldaketa sakonak eman diren, gehienak, zoritxarrez, ez berak amesten zuen iraultzarantz. Asko falta da, asko falta zaigu hara iristeko… Hori bai, berak ezinbesteko zeritzon egoeran gaude Euskal Herrian, baina egoera inperfektua da oraindik, Ardotxi, hortxe gabiltza, hormatzarrak botatzeko ahaleginetan. Lana daukagu, bai!

Arlo pertsonalean, hamar urte hauetatik sei, Euskal Herritik kanpo, behartua, pasa ditut. Denbora horretan, lagun asko izan ditut gogoan, nirekin “txaboloan”. Haien artean, joandako batzuk, Ardotxi bereziki. Haiengandik ikasitakoa lagungarria izan zait, indartu egin nau. Baita modu zuzenean, bisitetan, Agurtzane, Garazi eta Maddik eman didatena ere. Maitasuna, irribarreak, pasadizo eta gertaerak, gutunak eta argazkiak… Bihotzean ditut horiek guztiak, betirako.

Mendiak ere bete ditu nire txangoak txaboloan, askotan. Mendian nintzen Ardotxi hil zen egunean, eta mendietara bueltatu naiz azken urte t’erdi honetan. Adarra eta haren ingurua bereziki maite dut; eta igotzen naizen bakoitzean Ardotxiri muxu bat helarazten diot…

IMG_20150215_114140

Aurrera egiten dugu, kolektiboki zein pertsonalki. Etengabe, batzuetan bideko bihurgunetan harrapatuta, baina aurrera. Bizitzen, lan egiten, kontraesanak gainditzen, lagunekin konpartitzen, Natura eta herria zaintzen. Mulisko eta Etenetako harriak zutik jarri zituztenei jarraipena emanez, gure garaiko Mulisko eta Etenetako guneak zabaltzen. Etorkizuna ehuntzen, harriz eta hariz.

Teresa Toda, 2015-3-1

 

h1

Zortzi urte

2013/03/30

Berriro ere, Joxe Ramon gogoan eta bihotzean.

Lehengoan irakurri nuen:

heriotzaren antonimoa ez dela bizia, baizik jaiotza.

Jaio baino lehenago ere hor zegoela Bizia,

eta hilda gero ere hortxe izango dugula.

Pasagunea besterik ez dela heriotza.

Segi goiari eusten, bizia bizituz.

Bihotzez. Pello

h1

Gaur zazpi urte

2012/03/30

Urtero, martxoaren amaiera hurbiltzean, badakit zenbait adiskide gogoratuko zaretela Joserraren urteurrenarekin. Horien artean, seguru-segurua, Pello Esnal.

Ondoko mezua bidali zidan martxoaren 28an:

Gaur zazpi urte joan zitzaigun Joxe Ramon.
Gaur zazpi urte gurekin dugula beste era batean.
Hitzek ihes egiten digute, baina biziak ez.
Besarkada handi bat.
Bihotzez.

Nik argixeago adierazteko eskatu, eta hauxe erantzuna:

“Hitzek ihes egiten digute, baina biziak ez”.
Zer esan nahi nuen horrekin?
Bizia dugula sustantiboa, eta hitzak adjektiboak.
Hitzak motz gelditzen zaizkigula bizia zer den adierazteko.
Biziak bizi gaituela; eta ez hitzek.
Eta abar.
Ez dakit asmatu nuen hori esaten.

Bejondeizula, Pello. Besarkada handia zuretzat ere!

Agurtzane

h1

Seigarren urteurrenean

2011/03/28

Sei urte igaro dira Ardotxi falta denetik.

Maite genuenok argazki hauetan bezala oroitzen dugu: irrifartsu, langile, maitekor.

Mila esker, Ardotxi gogoan izanik, azken urteotan
modu batean zein bestean, gure alboan egon zaretenoi.

Eskerrik asko eta ez adiorik!

Agurtzane