h1

Mahai-ingurua Andoainen

2010/03/28

2006ko urriaren 5ean, Elixabete Garmendiaren gidaritzapean, Emilio Lopez Adan Beltza eta Petxo Idoyaga aritu ziren Ardotxiri buruz eta Mentxakaren aitorpena liburuko beste hainbat konturi buruz hizketan. Xabier Mendiguren editoreak aurkeztu zuen mahai-ingurua.

Azken galderaren harian, Jose Ramonen haurtzaroko lagun Pello Esnalen testigantza entzun ahal izango duzue bertan, baita Ardotxirekin batera 15 egun aldameneko ziegan pasatu zituen lagunaren testigantza ere.

Advertisements
h1

Mentxakaren aitorpena irratian

2010/03/28

Bost urte igaro dira Ardotxi zendu zenetik.

Urte bete geroago sareratu genuen blog honetan, saiatu ginen bapateko desagertze haren ondorengoa biltzen: Ardotxiren liburua, lagunen testigantzak, hemerotekako artikuluak, argazkiak.

Bapateko galera handiaren hondarrak bildu eta hementxe jarri genituen, zuen eskura.

Mezu honetan datorrena, berriz, falta zen: Mentxakaren aitorpena aurkeztu berritan, 2006an, EITBko Arratsaldekoa saioan Arantza Iturbek Rafa Egigureni egin zion elkarrizketa:

Ardotxiren adiskide mina zen eta egun preso daukaten Teresa Todaren ahotsa ere entzun dezakezue bertan.

Joserra maite genuenok gogoan dugu sarri, bereziki hau bezalako egunetan. Honaino iritsi baldin bazarate, Ardotxiren oroitzapena gurekin partekatzeko gonbitea luzatu nahi dizuegu gaur, galdu genuenetik bost urte bete direnean. Eta, ordezkaezinen artera joan zenez, betiko gure bihotzetan dela esan.

Agurtzane

h1

Gaur bi urte / Pello Esnal

2007/03/29

Gaur bi urte -2005eko martxoaren 28a- astelehena zen: Aberri Egunaren biharamuna eta Pazko bigarrena. Baina gutako batzuentzat, Joxe Ramon hil zen eguna izango da.

Joxe Ramoni zor diot neure bizitzan izandako tiragoma bakarra. Baina baita, tiragomarekin batera, eman zidan agindu hura ere:

-Txantxangorriei ez bota sekula. Txantxangorriak ez dituk hil behar…

Eta doinu misteriotsuan kontatu zidan zergatia; halako doinua baliatzen baitu hamalau urteko mutiko batek, konplizitatez, hamabi urteko bati bizitzako ezkutukoak azaltzeko. Kontatu zidan nola, Jesus gurutzean zegoela, txantxangorri bat inguratu zitzaion eta nola mokoaz kendu zion buruko arantzetako bat eta nola odol-tanta atera zitzaion Jesusi burutik eta tanta hark busti zuen txantxangorriaren paparra. Eta nola, Jainkoaren esker onez, geroztik papar gorria duten txantxangorri guztiek…

Txoria

Kontalari ona zen Joxe Ramon mutikotan. Ez nuen uste, ordea, Mentxakaren aitorpena bezalako kontakizun zirraragarririk utzi behar zigunik.

Bai: Joxe Ramon Goikoetxea Ardotxi da nire mutikotako Joxe Ramon hura, iaz plazaratutako Mentxakaren aitorpena liburuaren egilea. Hor ditugu, xehe, zehatz, leial eta zintzo kontatuak, Joxe Ramonek Bilboko komisarian pasatako hamabost egunak. Hasi eta buka irakurri nuen liburua, atera berritan. Eta, ia urte erdi geroago ere, indar handiz entzuten dut tarteka liburuko zenbat pasarteren oihartzuna.

Heriotzak kenduko dizkigu adiskideak. Baina betiko gelditzen zaizkigu, han-hemengo papar gorrietan, adiskide horiek beren bizitzan ateratako arantzen aztarnak. Ez. Heriotzari ere ez dagokio azken hitza.

Pello Esnal,   Diario Vasco, 2007-03-28

h1

Puig Antich, Ardotxi, Zabalegi / Xabier Mendiguren Elizegi

2007/02/18
“Hauxe ikusiko diat”, esan nuen neure artean; periodikoa itxi eta zinemara abiatu nintzen. Aukeraturiko filma, Salvador, anarkista katalanari buruzkoa. Manuel Huergaren pelikula ikusi duenak edo estatu espainiarreko historia hurbila apur bat ezagutzen duenak jakingo du Salvador Puig Antich lepoa eginda hil zutela frankistek 1974an, borreroak garrote vil delako tresnaz hildako azkena izan omen zen gainera, gorabeheraz beterik eta bermez husturik egon zen auzibide militar baten ostean.

Zinemaren ahalmenetako bat da aurpegiak ipintzen dizkiola zuk izenak baizik ez zenituen istorioari, sentipenak eransten dizkiola aurretik zeneukan datu-sorta hotzari. Horregatik da tresna indartsua, eta beharbada horrexegatik ukatzen zaigu oraindik ere euskaldunoi –Segoviako ihesa filmatu zenez geroztik, ia 30 urte dira gure historiari loturiko filmik egiteko gauza ez garela; eta okerrago, egin den apurra, sarri, etsaiaren ikuspegitik-.

Zinemaren faltan eskura dugu literatura behintzat: arte minoritarioagoa tamalez, baina merkeagoa ere bai zorionez. Film horren lehen partean gazte urduri eta sentibera baten kontzientzia hartzea kontatzen zaigu, antifrankismotik aktibismora, eta buruan jiraka zebilkidan etengabe Mentxakaren aitorpena, Ardotxiren eleberri-lekukotasuna: garai bera, kezka bertsuak, ekintzak ere antzekoak. Alderik izatekotan, Puig Antichen taldeak makarragoa ematen zuen euskaldunen aldean; ez dakit ideologia anarkistari ala mediterraneartasunari egotzi behar zaion hori… (…)
Filmak film eta liburuak liburu, desberdintasunik nabarmentzekotan hauxe nagusia: katalanak beren iragana kontatzen dabiltzala, kontuak garbitzeko, eta hemen, berriz, zauriari zornea dariola oraindik. Ez dadila izan luzerako.

Xabier Mendiguren Elizegi,

Argia, 2076 alea

h1

Aitorpenaren ordua Txolarre irratian (Andoaingo mahai-inguruaren kronika)

2006/12/10

Urriaren 5ean, Elixabete Garmendiaren gidaritzapean,  Emilio Lopez Adan Beltza eta Petxo Idoyaga aritu ziren Ardotxiri buruz eta liburuan agertzen diren beste hainbat konturi buruz hizketan. Besteak beste, honako galderak egin ziren Andoaingo mahai-inguruan:

Ardotxi, ETAren sorreraren lekuko: nola egiten da gazte bat militante?

Militantearen ernetasuna komisaldegian, torturaren aurrean

Zenbateirano da egia edo gezurra liburuan kontatzen dena?

Hementxe duzue, Txolarre Irratiari esker, galdera horien erantzunak entzuteko aukera. Azken galderaren harian, Ardotxiren haurtzaroko lagun Pello Esnalen testigantza entzun ahal izango duzue, baita  liburuan agertzen den Iñakirena ere,  Ardotxirekin batera 15 egun aldameneko ziegan pasatu zituen lagunaren testigantza ere.

Urigain3

h1

Komentarioa / Goizalde Landabaso

2006/11/19

Errealitate nobelatua zela irakurri nuen azalaren atzealdean, beste azalean, printzipalenean askorentzat. Liburua irakurri baino lehen izan zen hori, eta erabaki behar izan nuen “errealitate” edo “nobela” moduan irakurri. Ez zegoen zertan egiterik, badakit, baina idatzitakoan murgiltzeko sinisgarriagoa egingo zitzaidalakoan nengoen. “Nobela” aukeratu nuen.

Hasi-hasieratik harrapatu nauela aitortu behar dut. Thriller-a bailitz irentsi dut hasieratik amaieraraino. Aitorpena sartzeko modua gustatu zait batzuetan; jazo zenaren aurpegi biak islatzen zituelako.

Besteetan, berriz, dena bat eginda agertzea hobe zela pentsatu izan dut. Izan ere zipriztinka ematen da lanean. Kapitulua amaitu eta zatitxu bat ematen dizute, irakurri berri duzunari dagokiona hain zuzen ere. Baina linealtasuna apurtzen du, erritmo ezberdineko irakurgaia bihurtuz. Jauzika zoaz, joan. Are gehiago, horrek ekarri nau errealitatera, aitorpenaren gordinak, tantaka eman bada ere.

Gaur egun politikagintzan edo gizarte mailan ezagunak direnen izen-abizenek ere ozen esaten dizute. Irakurtzen ari zaren hori dena pasatu izan zela berresten du. Bada bai errealitatea, eta ez da ez, nobela.

Zurrunak begitandu zaizkit pasarte batzuk, pisutsuegiak.
Bizipenetatik urrundu denean batipat, alegia politika hutsaren jarduerari egokitu zaionean lausotu zaizkidala eleberriaren bideak. Beharbada “nobela” aukeratu nuelako, “errealitatea” aukeratu izan banu fikzio-zantzua duena izango litzateke maldan gora bihurtuko zitzaidakeena.

Idazkerari dagokionez ondo bereizita agertzen dira aditz-denboren bidez aspaldiko oroitzapenak eta aitorpena eman bitarteko tarte iluna. Bere buruari idatzitakoa begitandu zait zenbaitetan, esan nahi dut, Egileak bere buruari kontatu nahi izango bailio egun haietan jazotakoa.

Liburua amaitu arte ez dut egilearen argazkia begiratu. Azalaren alde ostenduan agertzen da. Azala tolesten den horretan.

Zuri-beltzean.
Serio.
“Bai, egia da” esatear dagoela ematen du. Atzamar-arteko zigarroari (beltza, bidenabar) kea dario. Grisa kea. Lausotu egin nahi du bere argazkia, baina indartsuagoa da bere begirada eta bazter batean geratzen da zigarroaren gandua.

Goizalde Landabaso

EITB.com-en argitaratua

h1

Aitorpena / Felipe Juaristi

2006/11/17

Nobela baten aurrean gaude, eta ez historia-liburu baten aurrean. Nobela batek gerta zitekeena kontatzen du; historia-liburu batek gertatu zena. Gerta zitekeena eta gertatu dena, horra hor katearen bi aldeak. Historia-liburu bat gerta zitekeena eta nobela bat gertatu dena kontatzen hasten denean sortzen da zalantza, duda eta ezustekoa. Mentxakaren aitorpena izeneko honetan, izenburuak berak esaten duen bezala, ETAko militante baten aitorpena ageri da, baina ez dut uste zentzu moralean edo erlijiosoan hartu behar denik “aitorpen” hitza, baizik eta narratiboan.

Jarraitzen du

Felipe Juaristi

El Diario Vasco, 2006-11-17