h1

Puig Antich, Ardotxi, Zabalegi / Xabier Mendiguren Elizegi

2007/02/18
“Hauxe ikusiko diat”, esan nuen neure artean; periodikoa itxi eta zinemara abiatu nintzen. Aukeraturiko filma, Salvador, anarkista katalanari buruzkoa. Manuel Huergaren pelikula ikusi duenak edo estatu espainiarreko historia hurbila apur bat ezagutzen duenak jakingo du Salvador Puig Antich lepoa eginda hil zutela frankistek 1974an, borreroak garrote vil delako tresnaz hildako azkena izan omen zen gainera, gorabeheraz beterik eta bermez husturik egon zen auzibide militar baten ostean.

Zinemaren ahalmenetako bat da aurpegiak ipintzen dizkiola zuk izenak baizik ez zenituen istorioari, sentipenak eransten dizkiola aurretik zeneukan datu-sorta hotzari. Horregatik da tresna indartsua, eta beharbada horrexegatik ukatzen zaigu oraindik ere euskaldunoi –Segoviako ihesa filmatu zenez geroztik, ia 30 urte dira gure historiari loturiko filmik egiteko gauza ez garela; eta okerrago, egin den apurra, sarri, etsaiaren ikuspegitik-.

Zinemaren faltan eskura dugu literatura behintzat: arte minoritarioagoa tamalez, baina merkeagoa ere bai zorionez. Film horren lehen partean gazte urduri eta sentibera baten kontzientzia hartzea kontatzen zaigu, antifrankismotik aktibismora, eta buruan jiraka zebilkidan etengabe Mentxakaren aitorpena, Ardotxiren eleberri-lekukotasuna: garai bera, kezka bertsuak, ekintzak ere antzekoak. Alderik izatekotan, Puig Antichen taldeak makarragoa ematen zuen euskaldunen aldean; ez dakit ideologia anarkistari ala mediterraneartasunari egotzi behar zaion hori… (…)
Filmak film eta liburuak liburu, desberdintasunik nabarmentzekotan hauxe nagusia: katalanak beren iragana kontatzen dabiltzala, kontuak garbitzeko, eta hemen, berriz, zauriari zornea dariola oraindik. Ez dadila izan luzerako.

Xabier Mendiguren Elizegi,

Argia, 2076 alea

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: