Archive for the ‘Irakurleen iritziak’ Category

h1

Komentarioa / Goizalde Landabaso

2006/11/19

Errealitate nobelatua zela irakurri nuen azalaren atzealdean, beste azalean, printzipalenean askorentzat. Liburua irakurri baino lehen izan zen hori, eta erabaki behar izan nuen “errealitate” edo “nobela” moduan irakurri. Ez zegoen zertan egiterik, badakit, baina idatzitakoan murgiltzeko sinisgarriagoa egingo zitzaidalakoan nengoen. “Nobela” aukeratu nuen.

Hasi-hasieratik harrapatu nauela aitortu behar dut. Thriller-a bailitz irentsi dut hasieratik amaieraraino. Aitorpena sartzeko modua gustatu zait batzuetan; jazo zenaren aurpegi biak islatzen zituelako.

Besteetan, berriz, dena bat eginda agertzea hobe zela pentsatu izan dut. Izan ere zipriztinka ematen da lanean. Kapitulua amaitu eta zatitxu bat ematen dizute, irakurri berri duzunari dagokiona hain zuzen ere. Baina linealtasuna apurtzen du, erritmo ezberdineko irakurgaia bihurtuz. Jauzika zoaz, joan. Are gehiago, horrek ekarri nau errealitatera, aitorpenaren gordinak, tantaka eman bada ere.

Gaur egun politikagintzan edo gizarte mailan ezagunak direnen izen-abizenek ere ozen esaten dizute. Irakurtzen ari zaren hori dena pasatu izan zela berresten du. Bada bai errealitatea, eta ez da ez, nobela.

Zurrunak begitandu zaizkit pasarte batzuk, pisutsuegiak.
Bizipenetatik urrundu denean batipat, alegia politika hutsaren jarduerari egokitu zaionean lausotu zaizkidala eleberriaren bideak. Beharbada “nobela” aukeratu nuelako, “errealitatea” aukeratu izan banu fikzio-zantzua duena izango litzateke maldan gora bihurtuko zitzaidakeena.

Idazkerari dagokionez ondo bereizita agertzen dira aditz-denboren bidez aspaldiko oroitzapenak eta aitorpena eman bitarteko tarte iluna. Bere buruari idatzitakoa begitandu zait zenbaitetan, esan nahi dut, Egileak bere buruari kontatu nahi izango bailio egun haietan jazotakoa.

Liburua amaitu arte ez dut egilearen argazkia begiratu. Azalaren alde ostenduan agertzen da. Azala tolesten den horretan.

Zuri-beltzean.
Serio.
“Bai, egia da” esatear dagoela ematen du. Atzamar-arteko zigarroari (beltza, bidenabar) kea dario. Grisa kea. Lausotu egin nahi du bere argazkia, baina indartsuagoa da bere begirada eta bazter batean geratzen da zigarroaren gandua.

Goizalde Landabaso

EITB.com-en argitaratua

h1

Langa irekitzea falta / Elixabete Garmendia

2006/11/12

Berak jositako harizko izara parpailaduna hilkutxari eusten dion mahaian. Bi kandela antzinakoak piztuta alde banatan, baezpada hirugarrena prest. Jantziak, belarritakoak, berak aukeratuak. Dena berak erabaki bezala.

Etxeko baratzan hilarria zain. Astebete lehenago bera ibili zen hilarria zein puntutan jarri behar zen, eguzkiari nola begiratu behar zion zuzentzen. Gauza bat bakarra geratu zitzaion egin gabe: etxeko langa irekitzea kartzelan dagoen semea sar zedin. Semeari “langa ireki” ezinaren penaz joan zen mundu honetatik anderea.

Langa zabalik egon zen semearentzat ez beste guztientzat. Hileta ordurako juxtu juxtuan eraman zuten dozenerdi ertzainen artean elizara. Elizkizunak iraun zuen bitarte guztian eskuak lotuta eduki zuten. Baita familiakoek, apaiza tarteko, ertzainekin hitzartutako bisita presatuan ere. Film irlandar baterako eszenak eta giroa.

Lotu zitezkeen, gidoia batere behartu gabe, Jose Ramon Goikoetxea Ardotxik “Mentxakaren aitorpena” liburu postumoan kontatzen dituenekin. Hamabost egun Bilboko Komisaria nagusian, 1971garren urteko martxoan, salbuespen egoera indarrean. Bere burua eta burkideak salbatzea du helburu militanteak, erakundea ez zulatzea, laguntzaileak arriskuan ez jartzea, eta horretan emango ditu buru argitasun izugarriz, egunez egun bi aste, tratu txar eta torturapean. Gorde beharrekoen artean, zenbait lagun kartzelatik askatzeko asmoari zegozkion oharrak.

Gordeegi, ezkutuegi egon da urtetan inoizko ihesaldirik handiena, Iruñeko Ezkaba mendiko San Kristobal gotorlekuan 1938ko maiatzaren 22an gertatu zena. Bertan zeuden 2.500 presoetatik ia 800 irten ziren. Noraezean galduta, 210 fusilatu zituzten, giza-ehizan. Hiruk bakarrik lortu zuten muga zeharkatzea. Iñaki Alforja iruñearrak, estreinatu berri duen “Ezkaba” dokumentalean, geratzen diren lekuko apurrei eman die hitza gotorlekuaren sekretua ager dezaten. Nazien kontzentrazio eremuetarako probaleku izan zen Estatu osoko presoak biltzen zituen kartzela. Iruñean Ezkaba-San Kristobal, Bilbon Artxanda edo Pagasarri edota Donostian Igeldo bezala da, hiriak beti begibistan duen mendi hori. Eta hala ere, dokumentalean azaltzen den bezala, inor gutxik daki iruñearren artean zer gertatu zen han.

Gotorlekua bere hartan dago: presoak bizi ziren pabiloi eta brigadak patioaren alde banatan, galeriak, harraskak, komuntzat erabiltzen zituzten zirkiluak, lokutorioa… Denborari muzin eginez, kartzela frankisten filosofia ankerra adierazten duen pintada horma batean. Iñaki Alforjak bizirik dirauten lekukoen testigantzak bertan grabatu nahi zituen, baina Armadak ez zion baimenik eman. Hogei urte pasa militarrek handik alde      egin zutela eta hala ere bala zorro jaurti berriak lurrean, baimenarekin sartzen direnenak derrigor. Ezkaban “Igeldo bat” egin nahi omen dute agintariek. Oraindik hango sotoetan arnasten den izua gezurretako emozioetan urtu nahiko dute.

1938, 1971, 2006… Hogeita hamarnaka urtetako mugarriak, kiribil eta korapilo ugariko lokarri bakar batean. Berandu bada ere, berandutxo gehienentzat, Ezkabako presoek aurkitu dute ahanzturatik atera dituen narratzailea. Ardotxik, bere bizipenen bidez, bere belaunaldiko askorenak utzi ditu idatzita, panfletoak bota eta pintadak eginez militantzian abiatzen ziren gazte haienak. Zenbat denbora behar ote da Ken Loachen eskolako zinegileak semeari langa ireki ezinik hil zen amaren historia iraganean konta dezan?

Elixabete Garmendia

Argia aldizkarian argitaratua

h1

Beti zutik zegoena / J. Bustillo

2006/11/01

Mentxaka ez nuen inoiz ezagutu, Ardotxi ezagutu nuen. Badakigu biak zirela pertsona bera: Jose Ramon Goikoetxea Sorondo, andoaindarra. Joserra ni baino hamar urte aurrerago sortu zen Adarraren magalean. Nik, gazteagoa eta bizkaitarra izanda, Mentxakaren garaia ezagutzeko aukera galdu nuen, zoritxarrez. Aldiz, Ardotxiren garaia, tarte bat behintzat, ezagutu nuen, bai “Egin”en, bai sindikatuan.
Beraz, Joserra militantea ez nuen ezagutu, Joserra kazetaria, ordea, bai, eta oso ondo. Ardotxi potoloa zen, beltzez jantzi ohi zen eta… marxista edo troskoa zen, berdin zait. Batez ere, oso tipo atsegina zen Ardotxi, nahiz eta pixka bat burugogorra izan.
Baina ez da hori gaurko kontua. “Mentxakaren aitorpena”k hizpide ematen dit hausnarketa pare bat egiteko. Alde batetik, Joserraren apustua iraultza izan zen, hori ziur. Garai hartan, frankismoaren azpian hartu zuen bidea, bide zuzena izan zen: borroka armatua. Eta inoiz ez zitzaion damutu. Beste gauza bat da aspaldi samarretik epilogo batzuei buruz pentsatzen zuena, noski. Ondo zekien, beste aro batean egonda, borrokak politikoa izan behar zuela, edo bestela dena pikutara joango zela
Beste aldetik, adiskide zen Ardotxi. Bere ingurukoekin, bere lankideekin, edozein lekutan. Oso lagun leiala ere bai. Eleberrian agertzen da alde hori, eta merezi du azpimarratzea. Borrokan edo kazetaritzan beti zegoen zutik, ezkutatu barik. Jarraitzeko eredu ona, benetan.
Adituak soberan ditugu kritika profesionala egiteko. Horrexegatik hitz hauek beste asmo batekin doazkizue: Ardotxiren izaera eta jarduera nabarmentzeko asmoarekin. Iaz joan zen, ohar zaitezte, baina eleberri honetan itzuli da bizi-bizia. Horrelakoa izan zen Ardotxi eta horrela gogoratuko dugu beti.

http://jbustillo.blogspot.com.es/2006/10/beti-zutik-zegoena.html

h1

Bihozkada sorta bat / Pruden Gartzia

2006/10/04

Liburu hau argitaratu aurretik egilearen alargunak eskuizkribua igorri zidan, aspaldiko lagunak garenez gero nire iritzia jakin nahian. Bidali zidan bertsioak ez zuen hitzaurrerik nahiz eta, gerora jakin nuenez, ordurako idatzita eta prest zegoen. Ondoko lerroetan duzue eskuizkribuaren irakurketak eragin zizkidan hausnarketak, gutun baten moduan nire lagunari (egilearen alargunari) igorriak. Zenbaitetan oso kutsu pertsonala izan dezaketen arren, bere horretan uztea erabaki dut, hala eta guztiz ere baliagarriak direlakoan. Izan ere, hau ez da erreseina arrunt bat, baina ez gaude liburu arrunt baten aurrean: hau ez da ez nobela, ez autobiografia, ez Historiako liburu, hiruetatik zerbait duen arren. Niri zirrara handia eragin zidan liburua da, zuei bezala, apika.

Pruden Gartzia

Volgako Batelariak, 2006-10-03

94140013
[Blogariaren oharra: Argazkia Karmele adiskideak egina da, Etenetan, 1. urteurrenean]

h1

Miraria! / Hasier Etxeberria

2006/10/02

Batzuetan lehorte handienean egiten du euri eta halaxe gertatzen da berdatzearen miraria. Oso antzera, azkenaldian antzu eta eskas dabilen euskal narratibara, liburu hau ixuri da eta, arraioa, nago idazle askok baino hobeto asmatu duela ez-idazle honek, ARDOTXI ez baitzen idazle edo, bederen, idazletzan baino zailduagoa zen beste hainbat alorretan, ETAn eta sindikalgintzan, bereziki. Idatzi ere gaztelaniaz idatzi zuen lehenbizi liburu hau, eta euskarara ekartzen ziharduela hil zen. Rafa Egigurenena da, beraz, edizioaren ardura eta lana, eta nabaritzen da idazleaz gain, hizkuntzalaritzan aritutakoa dela Egiguren, gardena baita, guztiz, darabilen idazkera, eta hizkuntzaren erabaki hori erabat egoki datorkiola kontatutakoari.

Esan dezagun Mentxakaren aitorpena ez dela nobela bat, baina badela; ez dela testigantza liburu soil bat, baina badela… Hamabost egunetan zehar, 1971garrenean, Ardotxik Bilboko polizia-etxean bizi izan zituenak kontatzen dira, interrogatorio prozesu guztia agertzen da, lehen pertsonan kontatua. Baina ez da hori bakarrik. Hastapenean pentsa liteke, torturak eta abarrak kontatzen dituenez, liburu lazgarria izango dela, baina, bai zera, berehala egiten duzu bat preso dagoenarekin eta kontatzen duena izugarria izanik ere, poztu egiten zara hark interrogatzailearen aurrean (José Sainz inspektorea) darabilen estrategia paregabearekin.

94140014

Aurrera eramaten zaituen zerbait dauka liburuak bere sotiltasunean, eta triste baino, pozik eta hunkiturik amaitzen duzu irakurketa, halako gizon irmo eta zintzoa ezagutu izanagatik, batez ere.  Bidenabar, ARDOTXIK erakunde armatu bateko partaide izatera zerk bultzatu zuen agertzen du era guztiz naturalean, garai beltz haiek inork ez bezala harrapatu ditu kontakizunean eta ETA V eta VI arteko etena azaltzen digu: aberrigintza ulertzeko bi eraren arteko talka. Esan dezagun, beraz, memoria liburua dela, nobelaren gorputzaz emana. ETAren benetako historia ezagutzeko ere, ezinbestekoa, izenak ehunka agertzen baitira (Madariaga, Etxabe, Idoiaga, Txikia, Larena….), baina badiot ez dela hori bakarrik, gauza asko batera baita, zinez, liburu hau. Besteak beste, zer irakurri ganorazkorik gabe zebilen honentzat, gozamen ederra. Hitz bitan laburbiltzeko, ARDOTXIK irakurleari bai, baina inspektoreari ez dio kontatu nahi, inola ere, egia.

Hasier Etxeberria

Alua Mundua, 2006/10/01

[Blogariaren oharra: Argazkia Karmele adiskideak egina da, Etenetan, 1. urteurrenean]

h1

Irakurleari

2006/09/17

Agian, liburua irakurri ondoren (edo irakurtzen ari zaren bitartean), komentarioren bat bururatuko zaizu gurekin partekatzeko.

Hauxe duzu tokia, mezu honi erantzunez egin dezakezu.

Mila esker!

Ardortxiren lagunak

Mentxakazala

h1

Liburuaren aurkezpena: Bi hitz liburu honen alde / Rafa Egiguren

2006/09/13

Egun on, eta eskerrik asko etorri zaretelako.

Orain dela hogeita hamarren bat urte, soto honen gainean dagoen plazan, arkupetan, liburu-denda ba zegoen, txikia eta, aldi berean, aparta Udal Liburutegiarekin parez pare: Ardotxik eta Agus Ormazabal zenak sortu eta gobernatu zuten; Satorra zuen izena. Oraindik zabalik balego, titulu hau dagoeneko erakusleihoan legoke. Ez joan, hala ere, hara; taberna bat dago bere lekuan, baina liburua esku artean daukazue, eta bi hitz esan nahi ditut bere alde.

Hamabost egunean zituen Ardotxik komisarian, eta bere eskarmentuaren lekukotasuna utzi digu orriotan bizi-bizi. Aspaldi hartan ere –gaur, oraindik- zigorraren beldurrik gabe zebilen borrero zaharra, baina tortura eta laidoaren berri ez ezik, garai hartako giroaren argazki paregabea ere ematen digu bere lanak eta, gainera, ondo jantzitako militante baten ikuspuntutik. Etengabe bueltaka, esan behar dituen gezurrak eta gorde behar dituen egiak –ardurak, eginkizunak, jarduerak…- aztertzen ditu ziega barruan. Egunak joan eta egunak etorri, azken hiruzpalau urteetan egindakoak gogoratzen eta galdeketan sor litezkeen korapiloak aldez aurretik askatzen saiatzen da bere buruarekin bilduta. Inspektorearen bulegora igotzen dute goizero, eta badaki gogor borrokatu ezean, urte luzeak eman beharko dituela kartzelan; beraz, azken batean, eraso horren aurka jasotako gotorra bihurtzen da Mentxakaren aitorpena nahitaez.

Aspertzeko aukerarik ematen ez duen liburua da honoko hau; gaurkotasunik ia galdu ez duena, baina denboraren tolesturetan ahaztuta gelditzeko zorian egon dira kontakizun hauek luzaro; izan ere, garaileak bedeinkatzen du historia Gasteizen, Madrilen eta Washingtonen edo, neurri apalagoan bada ere, hegemonia nahikoa gorde ahal izan duenak bestela. Ezker abertzalearen mugak erabakitzen ari ziren –gaur egun bezala, beharbada- urte haietan ere, eta Ardotxik, bai orduan bai hil hurren, bazeukan horren berri; beraz, horra gomendioa.

Rafa Egiguren

h1

Liburuaren aurkezpena : Petxoren hitzaurrea

2006/09/12

Prentsa2006-09-13 DV

Gaur goizean aurkeztu dugu Ardotxiren liburua kazetarien aurrean. Xabier Mendiguren (argitaratzailea), Rafa Egiguren (testu editorea), Petxo Idoyaga (hitzaurregilea) eta Agurtzane Juanena (familiartekoa) izan gara bertan.

Hona hemen Petxoren hitzaurretik ateratako pasarte bat:

1971ko martxo hartan Salbuespen Egoera zegoen indarrean. Francoren diktadurak agintzen zuen; beraz, poliziak nahi beste egun eduki zezakeen edonor komisarian.

Ondo idatzitako intriga-nobeletan ohi bezala, gauzak ez dira beti irakurleak espero duen moduan gertatzen; ustekabeak, hala ere, sarritan ez dira ezinbestekoak. Arestian kontatutako zenbait xehetasunetan arreta handiagoa ipiniz gero, aldez aurretik konturatzea ere badago; liburu hau, izan ere, intrigazko nobela ona ere izan zitekeen, baldin eta historia fikziozkoa izan balitz. Ondo idatzitako nobeletan bezala, kapitulu bakoitza historia osoa da berez, eta, aldi berean, hurrengo atalarekin kateatuta dator. Alde batetik, galdekatzaileak, eta, bestetik, galdekatua; estrategia biren arteko tirabiraren kontakizuna, azken batean; irakurlea harrapatzen duena, zer gertatuko, datorrenaren jakin- -minez.

Oso kontakizun sendoa da, bai forma, bai egitura, bai erritmoaren aldetik. Ez da, ordea, nobela. Ezta ere “benetako gertaera batean oinarritutako fikzioa”, antzeko zenbait kasutan esan ohi den bezala.

Liburu hau benetakoa da goitik behera. Jose Ramon Goikoetxea “Mentxakak” komisarian eman zituen hamabost egunean oinazea menderatzeko egin behar izan zuen saio itzelaren historia. Baina, era berean, burua argi gordetzeko eta polizia engainatzeko jukutriak eta aztarna faltsuak sortzeko ahalegin ikaragarriaren historia ere bada. Gauza asko zeuden, izan ere, jokoan: alde batetik, bere kondena, eta, bestetik, ingurukoen segurtasuna.

Engainuaren amarrua batzuetan ondo ateratzen da, eta besteetan ez hain ondo; jipoia eta tortura tartean direla, ez da gobernatzen erraza. Baina hor dago. Kontakizuna hasi eta bukatu arte, etengabe ari zaio irakurlea bere buruari galdezka: “Nola atera behar du oraingoan?”, eta irtenbide bakoitza arazo berri, beste historia bat bihurtzen zaio. Irakurtzen hasiz gero, nekez utzi daitekeen liburua da, izan ere, Mentxakaren aitorpena. Harrapatu egiten zaitu erabat.

h1

Liburuaren aurkezpena: Familiarteko naizen aldetik / Agurtzane

2006/09/11

Aurkezpen honetan esan behar nuenaz pentsatzen jarrita, lehen momentuan, gaur egun hainbat jenderen ahotan den memoria historikoari buruzko gogoetak bururatu zitzaizkidan.

Adibidez, esatea testigantza hau eta honen antzekoak ekarpen baliotsuak direla gure herriaren oroimen historikoa osatzeko. Esan nezake borrokan jardundakoek beren lekukotasuna eskaintzea garai batean hartu zuten arduraren segida dela, beren esperientziaren transmisioa ondorengoei uzten dieten ondarea dela. Aipatuko nuke frankismoaren aurka altxatutakoen memoria eta duintasuna aldarrikatu beharko litzatekeela publikoki.

Baina, ondo pentsatu ondoren, erabaki dut egin dezakedan egokiena familiarteko naizen aldetik hitz egitea dela. Horretarako, Ardotxiren haurtzaroko pasadizo baten berri emango dizuet. Liburuan ez da agertzen, baina berak idatzia da. Bere etxean, Andoainen, etxearen aurrealdeko paretan, baziren zulo batzuk Gerra Zibilaren garaiko tiroketek egindakoak, bala-zuloak. Eta, hamar urteko mutikoa zela, aitari galdetu zion behin zulo haiei buruz. Aita nafarra zuen, Gerra Zibilean ibilitakoa, eta labur eta ohi ez bezala, zakar, erantzun omen zion: “horiek gerra madarikatuaren aztarnak dituk”. Besterik ez. Ardotxiren hitzetan, bazirudien gerrari zegokionez isilik egoteko hitzarmena zegoela etxekoen artean; urte batzuk geroago, aita hil ondoren eta amak kontatuta, jakin zuen aita gerrara joatera derrigortu zutela.

Ardotxiren albuma 002

Ardotxiren aitak, bere garaiko beste askok bezala, gerra bizi eta sufritu izan zuten beste hainbatek bezala, ez zuen hartaz hitz egin nahi izaten. Gure alaben kasuan, ordea, oso diferentea da aitarengandik jaso duten bizipena. Alde batetik, Ardotxi ez zen behartua izan, berak aukeratu zuen konpromisoa, pozik eta harro zegoen horretaz. Beste aldetik, hitz egiteko gertu zegoen, gogoz, ez zuen inoiz onartuko isiltasunerako hitzarmenik. Orain, liburu honi esker, gure alabek izango dute, haien aitak ez bezala, aitarengandik zuzenean jasota gertatutakoaren kronika. Erraz ulertuko duzuenez, hau guztia, arlo intimorako oso inportantea izanda ere, ez da intimitatearen arloan soilik kokatzen dudan gaia.

Izan ere, uste dut belaunaldien arteko komunikazioa iraganean bezala nahiko eskasa dela gaur egun ere, iruditzen zait 36ko gerran ibilitakoek gauza handirik kontatu ez ziguten bezala; ondorengook ere, 60-70eko hamarkadetan gazte ginenok ere, ez dugula asko hitz egiten gure seme-alabekin. Zentzu honetan esango nuke azken aldian hainbeste aipatzen ari den memoria historikoa ez dela bakarrik esparru publikoan sustatzen, alegia, Legebiltzarretan edo komunikabideetan, esango nuke memoria historikoa etxean ere eraikitzen dela, etxean eta auzoan, jendearengandik gertu dauden esparruetan.

Agian liburu honek lagundu dezake familia giroan, lagun artean, tratatzen orain ez aspaldi (duela 35 urte inguru) gertatukoa. Ea horrela den, ze nik ere pentsatzen dut iragana gogoratzea, iraganaz mintzatzea, erraza ez bada ere, onuragarria dela denontzat, bai orduko protagonistentzat, baita belaunaldi berrientzat ere, gure seme-alabentzat ere.

Jakina, memoriarena jarduera kolektiboa izan ohi da, historia banakoek egiten dute, baina taldean elkarturik, eta oroitu ere elkarrekin oroitzen dugu. Horren harian ohartarazi nahi dizuet blog baten helbidea daukazuela liburuan, liburuaren osagarri Ardotxiren adiskide batzuek sortu duguna: Agur Mentxaka, Ardotxiren lagunen bloga.

Bertan jaso ditugu, beste zenbait gauzaren artean Ardotxi ezagutu zuten lagun batzuen aportazioak. Zuek ere gonbidatu nahi zaituztegu, liburua irakurri ondoren, bloga bisitatzera eta, gogorik izanez gero, zuen ekarpena egitera.

Une hau tristea eta pozgarria da, aldi berean, guretzat. Tristea, Ardotxi falta delako, bere ausentzia oso nabarmena egiten zaigulako orain eta hemen. Pozgarria, berak hainbat urtez egindako lanak, denbora luzean gordetako ilusioak, fruitua eman duelako.

Poz hau ez zen posible izango aldamenean ditudan adiskideen parte hartzerik gabe: Rafa Egigurenen eta Xabier Mendigurenen laguntzarik gabe. Biek egin dute lan bikaina, bakoitzak bere esparruan. Beraiei, eta ondoan dudan Petxori, eskertu nahi diet lehenbizi. Eskerrak eman nahi dizkiet ere modu batean edo bestean lagundu diguten gainerako adiskideei. Asko dira beraien izenak aipatzeko, baina Eskerrik asko, bihotzez, guztiei.

Eta zuei, kazetarioi, ere bai, noski, hona etortzeagatik. Mila esker.