
Fikzioaz gaindi / M. Jauregi
2006/11/02Euskal Herriaren historiak istorio ugari ditu bere baitan. Fikziozkoak diruditen arren, benetakoak diren hamaikatxo kontakizun. Horietako batzuk aurrekoengandik jasoak ditugu. Beste batzuk, ordea, belaunaldi batetik besterako iraganbidean geratu dira, ez baita beti erraza izaten norbere bizipenak besteren egitea. Aspaldidanik omen zuen Ardotxik bereak liburu batean jasotzeko asmoa…Eta hementxe, esku artean dugu Mentxakaren Aitorpena.
Urteetan atzera egiteko abagune bikaina eskaintzen du liburu honek. Frankismoa eta diktadura osteko garaia bizi izan zutenentzat, memoria freskatzeko ariketa izan daiteke. Geroagokoak garenok, berriz, garai hartako egoera sozio-politiko eta ekonomikora gerturatzen gaitu, besteak beste.
Denborak ez du beti balio bera. Komisarian emandako egunak amaiezin bihur daitezke. Zer esanik ez, salbuespen egoera indarrean izanda, egonaldia nahi adina luzatu dezaketenean. Mentxakak 15 egun eman zituen barruan eta 15 atal (egun bakoitzeko bat) ditu liburuak. 15 mila pezetako fidantzapean berreskura zitekeen askatasuna garai hartan, edota betirako galdu, hori ere bai.
70. hamarkadako zertzelada gutxi batzuk dira horiek. Irakurketak aurrera egin ahala, gehiago aurki daitezke. Deigarriak asko, egungo ikuspuntua besterik ez dugunontzat, baina ezagunak ere bai, torturaren inguruko kontakizunak kasu, denboraren joan-etorrian bere horretan mantendu direnaren seinale.
Burgosko prozesua, Roberto eta Botella operazioak, Baionan 1970eko martxoaren 17an hasitako gose-greba, lehenago Martuteneko espetxean egindako egonaldia… Deklarazioetan edo haietatik kanpo, arnasbide moduan, garaiko gertaera nagusienei errepasoa ematen die preso dagoen bitartean.
Gogoeta sakonak etengabe islatzen ditu hasieratik bukaerara arte. Baita, orokorrean, ETAren orduko barne-eztabaiden nondik norakoak ere: erakundearen VI. biltzarra, Lege Sindikal berriaren aurrean hartu beharreko jarrera… Garaian kokatu eta bidezidor ezberdinetan barrena abiatzeko aukera ematen duten gogoetez jositako lana da honako hau. Eta liburu batek gurasoei entzundako pasadizoak gainditu ditzakeenean… Irakurtzea merezi du.
M. Jauregi, Iraultzen 138 zk.
Utzi erantzun bat