
Joxe Ramon / Pello Esnal
2006/09/28Tiragoma bakarra izan dut bizitzan. Eta hura, Joxe Ramonek egina. Oso ona zen Joxe Ramon bai tiragomak egiten eta bai erabiltzen. Zenbat txori ez ote genituen bota! Hobeto esanda, zenbat ez ote zituzten bota Joxe Ramonek eta Ferminek. Haiek bota eta nik jaso.
Ni ez bainintzen gauza bakar bat ere jotzeko. Eginahalak egin bai: begi bat itxi, mingaina atera, gomei atzera tira egin, apuntatu eta harria bota. Baina txoria jo? Ezta, ezta metro batera ere!
Aspaldiko kontuak dira horiek: nik hamaika edo hamabi urte nituenekoak. Bi urte zaharragoak ziren Joxe Ramon eta Fermin. Horregatik ere izango ziren ehiztari hobeak, noski. Dena ez zen abildade kontua izango, zera!
Gero, bizitzak banandu gintuen. Ni komentura joan nintzen hamalau urterekin, eta Joxe Ramon eta Fermin Andoainen gelditu.
Bost urte geroago bildu nintzen Joxe Ramonekin, Andoainen bertan. Ondo gogoan dut noiz ere: 1969ko Errege egunean. Ordurako, bera kartzelatik pasea zen. Eta nik, kantu bat ere egina nion, letra eta musika. Pianoz laguntzeko musika, zaragozar batek jarri zion. Sua eta garra zerion kantuari. Izan ere, zer ez genuen egiten komentuan!
Geroztik ez nuen gehiago Joxe Ramonekin hitz egin. Haren berri jakin bai; gertutik, gainera: nola berriz ere atxilotu zuten eta urte batzuk pasa zituen kartzelan, gorriak ikusita gero. Harik eta iaz, ustekabean, hil zen arte.
Orain, Joxe Ramonen Mentxakaren aitorpena liburu atera berria dut eskuetan. Xehe, leial eta zintzo kontatzen ditu komisariako hamabost egunak. Hasi eta buka irakurri dut. Duela berrogei urteko Joxe Ramon bera aurkitu eta berraurkitu dut liburuan. Eta dar-dar dut oraindik bihotza.
Pello Esnal
Diario Vasco, Bai horixe 2006-09-27
(Argazkiaren iturria: http://www.flickr.com/photo_zoom.gne?id=26367449&size=sr)
Utzi erantzun bat