
Jose Ramon Goikoetxea ‘Ardotxi’ ‘Iraultzen’-eko zuzendaria hil da
2005/03/29Bere bikotearekin eta alabetako batekin Donostian paseatzen zebilela
bihotzekoak jota, bat-batean, hil zen atzo Jose Ramon Goikoetxea Ardotxi kazetari ezaguna. Andoaindarra, 56 urte zituen Ardotxik eta LAB sindikatuko Iraultzen aldizkariaren zuzendaria zen 1997. urteaz geroztik. Gaindegia sortu eta sendotzeko lanean ere ari zen.
Aurretik Egin-eko ekonomia sailean aritu zen lanean, egunkariaren sorreratik. Ekonomiako gaiez Ardotxik urteetan bildutako artxibo entzutetsua hezetasunak jan zuen itxitako egoitzan.
Sindikalgintzan eta kazetaritzan buru-belarri hasi aurretik LKIko militante izan zen. 1968. urteko abuztuan atxilotu zuten bere jaioterrian, eta eguberrira arteko hilabeteak espetxean egin zituen. Kartzelatik atera, eta Iparraldean errefuxiatu zen. 1971ko martxoan atxilotu zuten Bilbon eta zortzi urteko kartzela zigorrera kondenatu zuen Espainiako TOP delakoak. Soria, Jaen eta Carabanchelgo presondegiak ezagutu eta Franco hil eta hilabetera irten zen, amnistiarekin.
«Lagun mina» galdu duela esan zuen atzo Rafa Diez LABeko idazkari nagusiak. Eztabaida teorikoen zale, Ardotxik «prozesu politikoa eta langile klasearen defentsa zituen erreferentzia; ezpal zaharreko militantea zen», gogoratu zuen Diezek. Bihar erraustuko dute gorpua Polloeko hilerrian, 09:00etan. Ostiralean egingo diote omenaldia Ardotxiri, Andoaingo Goiko Plazan, 19:00etan.
Utzi erantzun bat