h1

Ardotxi joan zaigu: Kazetaria, militantea, koherentea

2005/05/01

19Ardotxi

Ezustekoan, tximistak jotzen duen bezalaxe,
joan zitzaigun aldizkari honen zuzendaria,
Joxerra Goikoetxea, “Ardotxi”, sindikatuan oso ezaguna
–eta maitatua- zen kazetaria. Martxoaren
28an, Donostian, 56 urte zituenean, bihotza lehertu
zitzaion, eta egun hartan eman behar zuen paseoa,
baita bere bizitzaren ibilbidea ere, moztuta geratu
zen, bere familia, lagun, eta lankideen saminerako.

Bai, samin bizia sortu du Ardotxiren heriotzak,
eta hurrengo egunetan antolatutako omenaldietan
nabarmendu egin zen, bai presentzietan, bai esandako
guztietan. Hutsune handia nabarmentzen da
Iraultzeneko bulegoan; eta irakurtzen ari zaren kronika
ezin da kronika arrunta izan; gaindiezin sentimenduz
beterik baitago.

Hamar urte zeraman Joxerrak Iraultzenen, hogei
urte “Egin”en pasa eta gero. Kazeta abertzalera iritsi
baino lehen, asko bizi izan zuen Ardotxik, Euskal
Herriko borrokarekin hartutako konpromiso eta
militantziarengatik. Andoainen jaiota, oso gazte hasi
zen borroka politikoan. Hasteko, pintadak, pankartak, lagunekin eztabaidak eta proiektuak; pixkanaka,
pixkanaka konpromisoa sakondu eta
militantzia antolatutara pasa zen. Horren ondorioz,
1968ko abuztuaren 12an atxilotu egin zuten; kartzelaratua
izan zen urte bereko Gabonak arte. Espetxetik
irten eta Ipar Euskal Herrira joan zen, errefuxiatua,
1971 hasieran arte. Askotan gogoratzen zituen
Ardotxik Ipar Euskal Herrian bizitako urteak,
zer nolako harrera beroa eduki zuen bertako lagunengandik,
nola bizi ziren garai hartako errefuxiatuak,
elkartasuna nola lantzen zen….

Erbestetik Eginera

Baina militantea zenez, Hego Euskal Herrira
bueltatu zen, eta, 1971ko martxoan, berriro atxilotu
zuten. 10 egun pasa zituen Guardia Zibilaren
eskuetan, horrek dakarren guztiarekin, tortura lehenengoz.
Handik, Carabanchelera eraman zuten;
epaitu eta 8 urteko sententzia ezarri zion Espainiako
zoritxarreko “TOP”ak, -Tribunal de Orden Público-. Dispertsioa ere ezagutu zuen Joxerra Goikoetxeak
garai hartan, Soria, Jaen eta Carabanchelen
egon baitzen preso lau urteetan zehar. Franco diktadorearen
heriotzaren ondoren emandako lehenengo
amnistia gitarteko, ezarritako zortzi urtetatik lau
beteta atera zen.

Lagun eta lankideen artean, anekdota asko kontatzen
zituen Ardotxik kartzelan emandako denboraz.
Gose grebak, Sorian pasatutako hotzak, Jaengo
beroaz… Edo preso politikoen artean zer nolako
eztabaida biziak pizten ziren, teoria politikoen inguruan
edo egoera eta etorkizuna aztertzerakoan.
Baita ere nola ospakizunak antolatzen ziren denen
artean. Baina kartzelaren garaia irakurtzeko eta
ikasteko bereziki aprobetxatu zuen Ardotxik, bere
izaeraren ezaugarri bat lantzen.

Euskal Herrira bueltatu zenean, lanbidea kazetaritzan
bilatu zuen, eta ikasketari ekin zion. Politikoki,
ETA-VIan emandako konpromisoari jarraipena
eman zion LKIn.

“Egin”en lehenengo aleetan argitaratu zituzten
Ardotxiren lehenengo lanak, egunkaria haren Ekonomia
sekzioan. Betidanik bere bihotzetik hurbil
eduki zuen langileen munduan, eta kazetaritzaren
bitartez hurbildu zen lan munduaren problematikara;
ekonomiaren bide konplikatuak argitzen saiatu
zen, irakurleei azalduz; patronalaren jarrera bortitza
behin eta berriz salatzen zituen bere idazkietan.
80ko hamarkadako langile borroka gogortu
egin zen, birmoldaketa industrialaren ondorioz, eta
han egon zen Joxerra kazetaria, langileen hitzei bidea
ematen, ke poteen artean, barrikaden atzean.

Garai hartan, Agurtzane Juanena bere laguna
ezagutu zuen, elkarrekin bizitzen hasi ziren, eta bi
alaba eduki zituzten, Garazi eta Maddi.

Sindikalgintzara

Apurka, eguneko lanean jorratutako bideek sindikalismora eraman zuten Ardotxi. Borroketan,
sindikalista askorekin eduki zituen hartu-emanak,
bai lantokietan aritzen zirenekin, bai sindikatu ezberdinetako
zuzendaritzako kideekin; horien artean,
LABeko ugari. Eta, 90eko hamarkadan hasieran,
Ardotxik LABekin zeuzkan harremanak estutzen
joan ziren. Afiliatu egin zen eta bere militantzia
sindikala bateragarria egin zuen “Egin”en zeuzkan
ardurekin.

Era berean, ezker abertzaleko politikara hurbildu
zen, estruktura politikoan parte hartuz. Izatez polemista,
bere ekarpenek beti zuten Ardotxiren begiradaren
ukitu kritikoa, debateei beste ikuspuntua gehituz,
baina beti gehiengoak erabakitzen zuena
errespetatuz. Azken aldian, Donostiako ezker abertzaleak
sortutako “Baga Boga”n parte hartzen zuen,
eta, aurretik, “Batasuna” prozesuko bultzatzailea
izan zen.

Bizitzak betetako motxila aberats horrekin,
1995ean, LABek deituta, liberatu zen Ardotxi,
“Iraultzen” aldizkariaren ardura hartzeko. Baina inoiz
ez zituen ahaztu “Eginen” emandako urteak eta
bereziki sufritu zuen kazetaren itxierarekin. Bost
urte beranduago, “Egunkariaren” itxierak Eginekoak
utzitako aztarnak berrireki zituen, eta 2003ko
otsailaren 20an lehenengo lerroan egon zen Ardotxi
Guardia Zibilari aurre egiten.

VI Biltzar Nagusian, 04-5-21 kopia

Iraultzen lantzen eta zaintzen

Bihotzez aritu zen Ardotxi Iraultzenen, eta lan
horretan lagun asko egin zituen sindikatuan, maila
guztietan. Beti hiztun, goizero, deskafeinatua
eskuan, tartetxo bat ematen zuen solasaldian, bata
zein bestearekin, azken gertaera politikoak edota
sindikalak komentatzen, bere ikuspuntuak
argudiatzen. Gero, lanera. Erreportajeak lantzeko
unean, ordu asko ematen zituen Ardotxik bere artxibo
kuttunaren paperen artean edo, azken bizpahiru
urteetan, interneten. Zorrotza, datu guztiak
eman nahi zituen bere lanetan, nahiz eta gero luzeegia
geratu Iraultzeneko orrietarako…

Andoaingo hasieratik Donostian azken arnasa
eman arte, koherente izan zen Joserra Goikoetxea,
bere konpromiso guztietan: Euskal Herriarekin,
euskararekin, langileekin eta hauen borrokekin, ezker
abertzalearekin. Baita bere bizitza pertsonalean
ere koherentziari eutsi zion beti.

Ez da erraza kronika pertsonal honi bukaera
ematea. Mila zehaztapenetan gal daiteke, oroitzapenak
oraindik berriegiak dira. Zer esan dezakegun?
Pertsona bat galtzea oso gogorra egiten da beti hurbilen
eduki dutenentzat, eta, zoritxarrez, asko –gehiegi-
daki LABek horrelako saminetaz azken
aldian. Ez dago kontsolamendurik, bakarrik errealitatea
onartzea eta joandakoak utzitako guztiak gure
bizitzarekin bat egin, bizi garen heinean mundu
honetan beraiek nolabaiteko bizitza eta partehartzea
edukiko dutenean. Agur eta ohore, Ardotxi.

Teresa Toda

Iraultzen 131 zk., 2005eko maiatza

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: