h1

Zuzendariari: In memoriam / Bikila

2005/03/30

Arratsaldeko zortziak. Etxean sartu eta telefonoko erantzungailuan dei bat. Ahots urduritu batek zera dio: «Kaixo. LAB sindikatuko Ardotxiren lagun bat naiz. Dei iezadazu zenbaki honetara… mesedez». Ez dakit zergatik, baina, deiak aztoratu nau. «Ardotxi hil da!», entzun dut telefonoz beste aldetik. Ondoren xehetasunak. Nola hil den, nire zenbakia Ardotxiren agendan zegoela, eta abar eta abar.

Oroimenak pilatzen zaizkit. 1970… Erakundearen VI. Biltzarra. Ni «barrutik nentorren» (alegia Hegoaldetik) eta barrura itzuliko nintzen berriro. Bera errefuxiatu zegoen eta Etxabetarren taldetik (geroago V.koak bihurtuko zirenak) zetorren gurera. Ordurako marxistatzat zuen bere burua eta garbi zuen zeinekin jarraitu nahi zuen. Burgosko epaiketari aurre egiteko, buruzagitzak «beste aldean» (alegia Iparraldean) prestatu zuen bilera.

Muga zeharkatzeko katalan abertzale baten laguntza eskatu genuen eta haiek mugalari bat jarri ziguten. Mugalariak galdu egin zuen bidea. Eta VI-ko barne zuzendaritza osoa berarekin nora ezean Pirinioen erdian. Lortu dugu errepide batera jaistea eta modu itxurosoenean dauden lagun bi atera dira bidera autostopa egitera. Ardotxi eta biok jarri gara zelatan haiek laguntza izan beharrez gero jauzi egiteko. Horrela gogoratzen dut Borrokaren Gorria-n:

«Denbora puska egin dugu eta ez da animarik ikusten. Gau beltzaren hotza hezur muinetaraino sartu zaigu. Halako batean, urrutian auto baten argiak, dir-dir, ikusi ditugu. Errepidean daudenek eta guk keinuak gurutzatu ditugu, bakoitzak dagokionari eutsi diezaion.Lagunak kieto parau daude, autoestoparen imintzioa eginez autoa hurbiltzen zaienerako. Ardotxi eta biok pipak eskuan gertu.Ardotxi izan da konturatu dena lehena.

Txapelokerrak dituk xuxurlatu dit belarrira.

Redios, egia duk erantzun diot.Besteei ohartarazteko betarik ez dugunez, behatza pistolaren katuari helduta, adi-adi begiratzen diegu.Gure lagunak, berriz, segurtasun osoz itxura egiten jarraitzen dute…».

Zorionez ez zen ezer gertatu. Miresten nuen Ardotxi. Ekintzaile bikaina zen. Izugarrizko dohainak zituen arrisku egoeran patxadaz jarduteko. Askoz urduriago jartzen zen politika kontuekin ekintzekin baino.1971ko martxoan harrapatu zuen Poliziak Bilbon. Polizia-etxean gorriak eta bost igaro zituen.

Den-dena ederki kontatua utzi zuen Confesiones de Mentxaka oraindik argitaratu gabeko liburuan (Mentxaka bere bigarren goitizena zen garai haietan). Mereziko luke norbaitek argitaratzea.Harez geroztik ur asko igaro da. Eta urteekin ajeak. Fisiokoak eta bestelakoak. Alabaina, eutsi egin zion militantziari. Eta nik miresten jarraitzen nuen.

Gainera, bide desberdinak hautatu genituen arren, eutsi egin genion adiskidetasunari ez ezik zenbait gai komunen hausnartzeko ohiturari. Erakunde desberdinetan kokatuak egon arren, eta diferentziak diferentzia, oso antzeko iritziak genituen geure herriarekiko eta bere arazo nagusiekiko.Orain ezingo diot gehiago galdetu: nola ikusten duk arazoa? Honek irtenbiderik badik? Zuhurra zen beti bere erantzuna.Agur, lagun zaharra. Aurten, Pirinioetako menditzarretara igotzen naizenean hitaz gogoratuko nauk eta galdetuko diat, berriro: nola ikusten duk egoera? Lainoa nagusi, hala hagoen tokitik eguzki izpirik ikusten dituk? Nire dolumin hunkituenak, Agurtzane, Garazi eta Maddirentzat.

Joxe Iriarte, Bikila

Idazlea, Zutik-eko kidea

Berria, 2005-03-30

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: