Archive for the ‘Hemeroteka’ Category

h1

Ardotxi joan zaigu: Kazetaria, militantea, koherentea

2005/05/01

19Ardotxi

Ezustekoan, tximistak jotzen duen bezalaxe,
joan zitzaigun aldizkari honen zuzendaria,
Joxerra Goikoetxea, “Ardotxi”, sindikatuan oso ezaguna
–eta maitatua- zen kazetaria. Martxoaren
28an, Donostian, 56 urte zituenean, bihotza lehertu
zitzaion, eta egun hartan eman behar zuen paseoa,
baita bere bizitzaren ibilbidea ere, moztuta geratu
zen, bere familia, lagun, eta lankideen saminerako.

Bai, samin bizia sortu du Ardotxiren heriotzak,
eta hurrengo egunetan antolatutako omenaldietan
nabarmendu egin zen, bai presentzietan, bai esandako
guztietan. Hutsune handia nabarmentzen da
Iraultzeneko bulegoan; eta irakurtzen ari zaren kronika
ezin da kronika arrunta izan; gaindiezin sentimenduz
beterik baitago.

Hamar urte zeraman Joxerrak Iraultzenen, hogei
urte “Egin”en pasa eta gero. Kazeta abertzalera iritsi
baino lehen, asko bizi izan zuen Ardotxik, Euskal
Herriko borrokarekin hartutako konpromiso eta
militantziarengatik. Andoainen jaiota, oso gazte hasi
zen borroka politikoan. Hasteko, pintadak, pankartak, lagunekin eztabaidak eta proiektuak; pixkanaka,
pixkanaka konpromisoa sakondu eta
militantzia antolatutara pasa zen. Horren ondorioz,
1968ko abuztuaren 12an atxilotu egin zuten; kartzelaratua
izan zen urte bereko Gabonak arte. Espetxetik
irten eta Ipar Euskal Herrira joan zen, errefuxiatua,
1971 hasieran arte. Askotan gogoratzen zituen
Ardotxik Ipar Euskal Herrian bizitako urteak,
zer nolako harrera beroa eduki zuen bertako lagunengandik,
nola bizi ziren garai hartako errefuxiatuak,
elkartasuna nola lantzen zen….

Erbestetik Eginera

Baina militantea zenez, Hego Euskal Herrira
bueltatu zen, eta, 1971ko martxoan, berriro atxilotu
zuten. 10 egun pasa zituen Guardia Zibilaren
eskuetan, horrek dakarren guztiarekin, tortura lehenengoz.
Handik, Carabanchelera eraman zuten;
epaitu eta 8 urteko sententzia ezarri zion Espainiako
zoritxarreko “TOP”ak, -Tribunal de Orden Público-. Dispertsioa ere ezagutu zuen Joxerra Goikoetxeak
garai hartan, Soria, Jaen eta Carabanchelen
egon baitzen preso lau urteetan zehar. Franco diktadorearen
heriotzaren ondoren emandako lehenengo
amnistia gitarteko, ezarritako zortzi urtetatik lau
beteta atera zen.

Lagun eta lankideen artean, anekdota asko kontatzen
zituen Ardotxik kartzelan emandako denboraz.
Gose grebak, Sorian pasatutako hotzak, Jaengo
beroaz… Edo preso politikoen artean zer nolako
eztabaida biziak pizten ziren, teoria politikoen inguruan
edo egoera eta etorkizuna aztertzerakoan.
Baita ere nola ospakizunak antolatzen ziren denen
artean. Baina kartzelaren garaia irakurtzeko eta
ikasteko bereziki aprobetxatu zuen Ardotxik, bere
izaeraren ezaugarri bat lantzen.

Euskal Herrira bueltatu zenean, lanbidea kazetaritzan
bilatu zuen, eta ikasketari ekin zion. Politikoki,
ETA-VIan emandako konpromisoari jarraipena
eman zion LKIn.

“Egin”en lehenengo aleetan argitaratu zituzten
Ardotxiren lehenengo lanak, egunkaria haren Ekonomia
sekzioan. Betidanik bere bihotzetik hurbil
eduki zuen langileen munduan, eta kazetaritzaren
bitartez hurbildu zen lan munduaren problematikara;
ekonomiaren bide konplikatuak argitzen saiatu
zen, irakurleei azalduz; patronalaren jarrera bortitza
behin eta berriz salatzen zituen bere idazkietan.
80ko hamarkadako langile borroka gogortu
egin zen, birmoldaketa industrialaren ondorioz, eta
han egon zen Joxerra kazetaria, langileen hitzei bidea
ematen, ke poteen artean, barrikaden atzean.

Garai hartan, Agurtzane Juanena bere laguna
ezagutu zuen, elkarrekin bizitzen hasi ziren, eta bi
alaba eduki zituzten, Garazi eta Maddi.

Sindikalgintzara

Apurka, eguneko lanean jorratutako bideek sindikalismora eraman zuten Ardotxi. Borroketan,
sindikalista askorekin eduki zituen hartu-emanak,
bai lantokietan aritzen zirenekin, bai sindikatu ezberdinetako
zuzendaritzako kideekin; horien artean,
LABeko ugari. Eta, 90eko hamarkadan hasieran,
Ardotxik LABekin zeuzkan harremanak estutzen
joan ziren. Afiliatu egin zen eta bere militantzia
sindikala bateragarria egin zuen “Egin”en zeuzkan
ardurekin.

Era berean, ezker abertzaleko politikara hurbildu
zen, estruktura politikoan parte hartuz. Izatez polemista,
bere ekarpenek beti zuten Ardotxiren begiradaren
ukitu kritikoa, debateei beste ikuspuntua gehituz,
baina beti gehiengoak erabakitzen zuena
errespetatuz. Azken aldian, Donostiako ezker abertzaleak
sortutako “Baga Boga”n parte hartzen zuen,
eta, aurretik, “Batasuna” prozesuko bultzatzailea
izan zen.

Bizitzak betetako motxila aberats horrekin,
1995ean, LABek deituta, liberatu zen Ardotxi,
“Iraultzen” aldizkariaren ardura hartzeko. Baina inoiz
ez zituen ahaztu “Eginen” emandako urteak eta
bereziki sufritu zuen kazetaren itxierarekin. Bost
urte beranduago, “Egunkariaren” itxierak Eginekoak
utzitako aztarnak berrireki zituen, eta 2003ko
otsailaren 20an lehenengo lerroan egon zen Ardotxi
Guardia Zibilari aurre egiten.

VI Biltzar Nagusian, 04-5-21 kopia

Iraultzen lantzen eta zaintzen

Bihotzez aritu zen Ardotxi Iraultzenen, eta lan
horretan lagun asko egin zituen sindikatuan, maila
guztietan. Beti hiztun, goizero, deskafeinatua
eskuan, tartetxo bat ematen zuen solasaldian, bata
zein bestearekin, azken gertaera politikoak edota
sindikalak komentatzen, bere ikuspuntuak
argudiatzen. Gero, lanera. Erreportajeak lantzeko
unean, ordu asko ematen zituen Ardotxik bere artxibo
kuttunaren paperen artean edo, azken bizpahiru
urteetan, interneten. Zorrotza, datu guztiak
eman nahi zituen bere lanetan, nahiz eta gero luzeegia
geratu Iraultzeneko orrietarako…

Andoaingo hasieratik Donostian azken arnasa
eman arte, koherente izan zen Joserra Goikoetxea,
bere konpromiso guztietan: Euskal Herriarekin,
euskararekin, langileekin eta hauen borrokekin, ezker
abertzalearekin. Baita bere bizitza pertsonalean
ere koherentziari eutsi zion beti.

Ez da erraza kronika pertsonal honi bukaera
ematea. Mila zehaztapenetan gal daiteke, oroitzapenak
oraindik berriegiak dira. Zer esan dezakegun?
Pertsona bat galtzea oso gogorra egiten da beti hurbilen
eduki dutenentzat, eta, zoritxarrez, asko –gehiegi-
daki LABek horrelako saminetaz azken
aldian. Ez dago kontsolamendurik, bakarrik errealitatea
onartzea eta joandakoak utzitako guztiak gure
bizitzarekin bat egin, bizi garen heinean mundu
honetan beraiek nolabaiteko bizitza eta partehartzea
edukiko dutenean. Agur eta ohore, Ardotxi.

Teresa Toda

Iraultzen 131 zk., 2005eko maiatza

h1

FLIP / Tasio

2005/04/03

Tasioren komikiaArdotxi goi aldean ageri da, eskuinean. Gara egunkarian aterea

 

h1

Agur hunkigarria Ardotxiri

2005/04/02

Jose Ramon Goikoetxea Ardotxi omendu zuten atzo Andoainen ehunka lagunek. Ardotxi bihotzeko baten ondorioz hil zen, astelehenean, ustekabean eta bat-batean. Haren gomuta hunkigarria egin zuten lagun eta kideek, eta goraipatu lagunarterako zuen joera, lanerako zuen borondatea, ezkerraren ideiak defenditzeko zuen koherentzia. Egin-eko ekonomia saileko kazetari izandakoa eta LAB sindikatuaren Iraultzen aldizkariko zuzendaria zen. Argazkian, Joxean Barandiaran, Rafa Diez, Ardotxiren neska-laguna eta alabak eta Teresa Toda.

Omenaldia Andoain

Berria, 2005-04-02

h1

“Ardotxi”ren gorpua erraustu dute

2005/03/30

Tanatoriora1

Gaur goizean erraustu dute Ardotxiren gorpua Polloen. Jende andana bildu da, tardean sindikatuetako buruzagiak. Ikurriñek osatutako bidea egin diote zerraldoari, bertsoak ere abestu dizkiote eta aurresku bat dantzatu eta bere omenezko testu bat irakurri ostean “Eusko Gudariak” abestuz egin diote azken agurra.

LAB eta ELA sindikatuetako hainbat kide, besteak beste, egon da bertan. Datorren ostiralean omenaldia eginen zaio Andoiango Goiko Plazan.

Gara, 2005-03-30 Ardotxi militante konprometitua izan da oso gaztetatik; ETA, LKI, LAB, Batasuna… horietan guztietan eman du bere lan militantea, eta milaka euskal herritarrei gertatu bezala, berak ere kartzela eta erbestea ezagutu behar izan ditu.

“Egin” egunkarian urte askoan, eta “Iraultzen” aldizkarian azken hamarkadan egindako lanaren ondorioz, Euskal Herriko langile borrokaren historia idatzian ekarpen handia egin du.

Betiere ekonomia arloa, oro har, eta langileen egoera izan dira bere lanaren ardatza. Lanbidea eta militantzia uztartuz emandako azken urratsa izan zen Gaindegiko (Euskal Herriko Ekonomia eta Gizarte Garapenerako Behatokia) talde sustatzaileko partaide izatea.

Berarekin lana edo militantzia elkarbanatu dutenek, lagunaren eta militantearen hutsunea ez ezik, Ardotxik arazoak aztertzeko eta eztabaidarako izan duen grinarena ere nabarituko dute. Eta Euskal Herriko langile mugimenduak aurkitzen hain zaila den kronikagile konprometitua galdu du.

Gara, 2005-03-30

h1

Fallece ‘Ardotxi’ de un ataque al corazón

2005/03/29

Europa Press

El histórico abertzale Joserra Goikoetxea Sorondo, Ardotxi, actualmente responsable de la publicación Iraultzen de LAB, falleció ayer a los 56 años en San Sebastián, tras sufrir un ataque al corazón. El secretario general de LAB, Rafa Díez, destacó «la huella» dejada en su labor, caracterizada por la inquietud por la coyuntura política y el orgullo por el sindicato.

Diario Vasco, 2005-03-29

h1

Jose Ramon Goikoetxea ‘Ardotxi’ ‘Iraultzen’-eko zuzendaria hil da

2005/03/29

Bere bikotearekin eta alabetako batekin Donostian paseatzen zebilela
bihotzekoak jota, bat-batean, hil zen atzo Jose Ramon Goikoetxea Ardotxi kazetari ezaguna. Andoaindarra, 56 urte zituen Ardotxik eta LAB sindikatuko Iraultzen aldizkariaren zuzendaria zen 1997. urteaz geroztik. Gaindegia sortu eta sendotzeko lanean ere ari zen.

Aurretik Egin-eko ekonomia sailean aritu zen lanean, egunkariaren sorreratik. Ekonomiako gaiez Ardotxik urteetan bildutako artxibo entzutetsua hezetasunak jan zuen itxitako egoitzan.
Sindikalgintzan eta kazetaritzan buru-belarri hasi aurretik LKIko militante izan zen. 1968. urteko abuztuan atxilotu zuten bere jaioterrian, eta eguberrira arteko hilabeteak espetxean egin zituen. Kartzelatik atera, eta Iparraldean errefuxiatu zen. 1971ko martxoan atxilotu zuten Bilbon eta zortzi urteko kartzela zigorrera kondenatu zuen Espainiako TOP delakoak. Soria, Jaen eta Carabanchelgo presondegiak ezagutu eta Franco hil eta hilabetera irten zen, amnistiarekin.

«Lagun mina» galdu duela esan zuen atzo Rafa Diez LABeko idazkari nagusiak. Eztabaida teorikoen zale, Ardotxik «prozesu politikoa eta langile klasearen defentsa zituen erreferentzia; ezpal zaharreko militantea zen», gogoratu zuen Diezek. Bihar erraustuko dute gorpua Polloeko hilerrian, 09:00etan. Ostiralean egingo diote omenaldia Ardotxiri, Andoaingo Goiko Plazan, 19:00etan.

www.labsindikatua.org