h1

Petxo Idoyagari elkarrizketa / Pilar Iparragirre

2006/10/09

Zer kontatzen du Mentxakaren aitorpenak?
Berrogeita hamar urteotan marka handia utzi du ETAk gure herriko zenbait gazte belaunaldiren pentsamolde eta esperientzian, eta bere historia luze eta konplexuaren zati bat da liburua. ETAren historiaren alderdi bat kontatzen du; geroago ETA VI.aren garaia deitu zaiona. Jose Ramonek orduko asmo eta itxaropenak, zalantza eta ulertezintasunak ematen dizkigu jakitera, eta nahiko erretratu zuzena utzi digu.

Komisaldegian bizitakoaren azalpena ere bada…
Bai, liburu hau benetakoa da goitik behera. Jose Ramon Goikoetxea Mentxakak komisaldegian eman zituen hamabost egunetan oinazea menderatzeko egin behar izan zuen saio itzelaren historia da. Eta, era berean, burua argi gordetzeko eta polizia engainatzeko jukutriak eta aztarna faltsuak sortzeko ahalegin ikaragarriaren historia. Gauza asko zeuden, jokoan: alde batetik, bere kondena, eta, bestetik, ingurukoen segurtasuna. 1971ko martxoan atxilotu zutenean, Jose Ramonek zenbait hilabete zeraman Bizkaian, isilpeko bizimodua eginez, ETAko zuzendaritzako partaide gisa, nahiz eta ordura arte Iparraldeko erakunde militarreko kidea izan.

Noiz hasi zen Ardotxi liburu hau idazten?
Orain dela urte asko. Zenbait esperientzia gertatu eta berehala jaso zituen idatziz. Lo egon ziren gero tiraderaren batean sartuta. Azkenean lanari ekin zion arte. Idatzitakoa gaztelaniaz zegoenez, liburua bukatu eta euskaraz berregitea erabaki zuen. Horretan zebilen 2005eko udaberrian alde egin zigunean. Bere itzulpen lana Rafa Egigurenek bukatu du.

Pilar Iparragirre

Argia, 2006ko Urriaren 01a 2056. zenbakia

http://www.argia.com/online/htdocs/online.htm?2056&28238

h1

Bihozkada sorta bat / Pruden Gartzia

2006/10/04

Liburu hau argitaratu aurretik egilearen alargunak eskuizkribua igorri zidan, aspaldiko lagunak garenez gero nire iritzia jakin nahian. Bidali zidan bertsioak ez zuen hitzaurrerik nahiz eta, gerora jakin nuenez, ordurako idatzita eta prest zegoen. Ondoko lerroetan duzue eskuizkribuaren irakurketak eragin zizkidan hausnarketak, gutun baten moduan nire lagunari (egilearen alargunari) igorriak. Zenbaitetan oso kutsu pertsonala izan dezaketen arren, bere horretan uztea erabaki dut, hala eta guztiz ere baliagarriak direlakoan. Izan ere, hau ez da erreseina arrunt bat, baina ez gaude liburu arrunt baten aurrean: hau ez da ez nobela, ez autobiografia, ez Historiako liburu, hiruetatik zerbait duen arren. Niri zirrara handia eragin zidan liburua da, zuei bezala, apika.

Pruden Gartzia

Volgako Batelariak, 2006-10-03

94140013
[Blogariaren oharra: Argazkia Karmele adiskideak egina da, Etenetan, 1. urteurrenean]

h1

Mahai-ingurua Andoainen

2006/10/02

Ostegun honetan, urriak 5, arratsaldeko 19:30etan, mahai-ingurua egingo dugu Andoaingo Urigain kultur etxean (udaletxearen ondoan).

Gaia: Ardotxik idatzitako “Mentxakaren aitorpena” eleberritik abiatuta, egilea, garaia, liburua bera, eta hortik sortzen diren hainbat adar.

Parte-hartzaileak: Petxo Idoiaga, Emilio Lopez-Adan “Beltza”. (Arantza Arruti ere parte hartzekoa zen, baina azken orduan ezin izan du)

Moderatzailea: Elixabete Garmendia

Edonor dago gonbidatuta mahai-ingurura, bereziki Ardotxi ezagutu zutenak, garai hartaz jakin-mina dutenak, liburua irakurri dutenak. Entzuteko ez ezik, hitz egiteko eta iritzia trukatzeko aukera ere izango dugu bertaratutako guztiok.

Ardotxiren lagunak

94140008

[Blogariaren oharra: Argazkia Karmele adiskideak egina da, Etenetan, 1. urteurrenean]

h1

Miraria! / Hasier Etxeberria

2006/10/02

Batzuetan lehorte handienean egiten du euri eta halaxe gertatzen da berdatzearen miraria. Oso antzera, azkenaldian antzu eta eskas dabilen euskal narratibara, liburu hau ixuri da eta, arraioa, nago idazle askok baino hobeto asmatu duela ez-idazle honek, ARDOTXI ez baitzen idazle edo, bederen, idazletzan baino zailduagoa zen beste hainbat alorretan, ETAn eta sindikalgintzan, bereziki. Idatzi ere gaztelaniaz idatzi zuen lehenbizi liburu hau, eta euskarara ekartzen ziharduela hil zen. Rafa Egigurenena da, beraz, edizioaren ardura eta lana, eta nabaritzen da idazleaz gain, hizkuntzalaritzan aritutakoa dela Egiguren, gardena baita, guztiz, darabilen idazkera, eta hizkuntzaren erabaki hori erabat egoki datorkiola kontatutakoari.

Esan dezagun Mentxakaren aitorpena ez dela nobela bat, baina badela; ez dela testigantza liburu soil bat, baina badela… Hamabost egunetan zehar, 1971garrenean, Ardotxik Bilboko polizia-etxean bizi izan zituenak kontatzen dira, interrogatorio prozesu guztia agertzen da, lehen pertsonan kontatua. Baina ez da hori bakarrik. Hastapenean pentsa liteke, torturak eta abarrak kontatzen dituenez, liburu lazgarria izango dela, baina, bai zera, berehala egiten duzu bat preso dagoenarekin eta kontatzen duena izugarria izanik ere, poztu egiten zara hark interrogatzailearen aurrean (José Sainz inspektorea) darabilen estrategia paregabearekin.

94140014

Aurrera eramaten zaituen zerbait dauka liburuak bere sotiltasunean, eta triste baino, pozik eta hunkiturik amaitzen duzu irakurketa, halako gizon irmo eta zintzoa ezagutu izanagatik, batez ere.  Bidenabar, ARDOTXIK erakunde armatu bateko partaide izatera zerk bultzatu zuen agertzen du era guztiz naturalean, garai beltz haiek inork ez bezala harrapatu ditu kontakizunean eta ETA V eta VI arteko etena azaltzen digu: aberrigintza ulertzeko bi eraren arteko talka. Esan dezagun, beraz, memoria liburua dela, nobelaren gorputzaz emana. ETAren benetako historia ezagutzeko ere, ezinbestekoa, izenak ehunka agertzen baitira (Madariaga, Etxabe, Idoiaga, Txikia, Larena….), baina badiot ez dela hori bakarrik, gauza asko batera baita, zinez, liburu hau. Besteak beste, zer irakurri ganorazkorik gabe zebilen honentzat, gozamen ederra. Hitz bitan laburbiltzeko, ARDOTXIK irakurleari bai, baina inspektoreari ez dio kontatu nahi, inola ere, egia.

Hasier Etxeberria

Alua Mundua, 2006/10/01

[Blogariaren oharra: Argazkia Karmele adiskideak egina da, Etenetan, 1. urteurrenean]

h1

Joxe Ramon / Pello Esnal

2006/09/28

Tiragoma bakarra izan dut bizitzan. Eta hura, Joxe Ramonek egina. Oso ona zen Joxe Ramon bai tiragomak egiten eta bai erabiltzen. Zenbat txori ez ote genituen bota! Hobeto esanda, zenbat ez ote zituzten bota Joxe Ramonek eta Ferminek. Haiek bota eta nik jaso.

Ni ez bainintzen gauza bakar bat ere jotzeko. Eginahalak egin bai: begi bat itxi, mingaina atera, gomei atzera tira egin, apuntatu eta harria bota. Baina txoria jo? Ezta, ezta metro batera ere!

Aspaldiko kontuak dira horiek: nik hamaika edo hamabi urte nituenekoak. Bi urte zaharragoak ziren Joxe Ramon eta Fermin. Horregatik ere izango ziren ehiztari hobeak, noski. Dena ez zen abildade kontua izango, zera!

Txoria

Gero, bizitzak banandu gintuen. Ni komentura joan nintzen hamalau urterekin, eta Joxe Ramon eta Fermin Andoainen gelditu.

Bost urte geroago bildu nintzen Joxe Ramonekin, Andoainen bertan. Ondo gogoan dut noiz ere: 1969ko Errege egunean. Ordurako, bera kartzelatik pasea zen. Eta nik, kantu bat ere egina nion, letra eta musika. Pianoz laguntzeko musika, zaragozar batek jarri zion. Sua eta garra zerion kantuari. Izan ere, zer ez genuen egiten komentuan!

Geroztik ez nuen gehiago Joxe Ramonekin hitz egin. Haren berri jakin bai; gertutik, gainera: nola berriz ere atxilotu zuten eta urte batzuk pasa zituen kartzelan, gorriak ikusita gero. Harik eta iaz, ustekabean, hil zen arte.

Orain, Joxe Ramonen Mentxakaren aitorpena liburu atera berria dut eskuetan. Xehe, leial eta zintzo kontatzen ditu komisariako hamabost egunak. Hasi eta buka irakurri dut. Duela berrogei urteko Joxe Ramon bera aurkitu eta berraurkitu dut liburuan. Eta dar-dar dut oraindik bihotza.

Pello Esnal

Diario Vasco, Bai horixe 2006-09-27

(Argazkiaren iturria: http://www.flickr.com/photo_zoom.gne?id=26367449&size=sr)

h1

Irakurleari

2006/09/17

Agian, liburua irakurri ondoren (edo irakurtzen ari zaren bitartean), komentarioren bat bururatuko zaizu gurekin partekatzeko.

Hauxe duzu tokia, mezu honi erantzunez egin dezakezu.

Mila esker!

Ardortxiren lagunak

Mentxakazala

h1

Komisariako galdeketa luzeak nobela bihurtuta

2006/09/14

Prentsa2006-09-13 DV

Jose Ramon Goikoetxea Sorondo Ardotxi, ETAko kidea, Poliziaren eskuetan erori zen 1971n. Salbuespen-egoera zegoen eta komisarian nahi adina egun eduki zezaketen. Galdeketak asko eta oso luzeak izan ziren. Baita torturak ere. Ardotxik estrategia eta jukutria franko diseinatu behar izan zituen itaunketetatik salbo ateratzeko. Batzuetan lortu zuen; bestetzuetan ez. Noizbaiteko batean Basauriko kartzelara eraman zuten. Eta handik dozena bat urtera, gizon horrek erabaki zuen hura dena nobela moduan kontatzea. Emaitza kalean da; atzo aurkeztu zen Mentxakaren aitorpena liburua. (jarraitzen du)

Felix Ibargutxi,

Diario Vasco, 1006-09-14

h1

Ardotxik bizitakoa, idatzitakoa

2006/09/14

Bilbo, 1971ko martxoa. Jose Ramon Goikoetxea Ardotxi (1949-2005) etakidea harrapatu du Espainiako Poliziak. ETA VI.eko militanteak egoera iluna du aurrez aurre: gordeta dagoen etxeko giltzak eta eskuz idatzitako koadernoa dauzka gainean. Preso dauden Burgosko prozesuko etakideek kartzelatik ihes egiteko egitasmoari buruzko oharrak, besteak beste. Eta, gainera, Poliziak bere pistola aurkitu du, oraindik norena den ez dakien arren.

Nola sinestaraziko diezu ezer ez dakizula ihes egiteko planak zure letraz idatzita badaude? Nola ukatu pistola zurea dela Frantziako estatuan errefuxiatua zauden militante ilegala bazara?», galdetu zuen atzo Petxo Idoiaga Mentxakaren aitorpena-ren (Elkar) hitzaurrearen egileak. Ardotxik idatzi zuen iaz zendu aurretik Mentxakaren aitorpena, eta Idoiaga lagunak eta burkideak idatzi du hitzaurrea. Rafa Egigurenek apailatu du lana, Ardotxiren alargun Agurtzane Juanenaren eskariz. (jarraitzen du)

Xabier Martin

Berria, 2006-09-14

h1

«Mentxakaren aitorpena», militante baten testigantza

2006/09/14

Prentsa2006-09-13 Gara

Jose Ramon Goikoetxea «Ardotxi»ren liburu postumoaren aurkezpena zela-eta, lagun eta senidez bete zen atzo Donostiako Liburutegi Nagusiko sotoa. Agurtzane Juanena alarguna, Rafa Egiguren edizioaren paratzailea eta Petxo Idoiaga liburuaren hitzaurregilea aritu ziren hizketan, eta memoria historikoa izan zen hirurek, modu batean edo bestean, aipatu zuten kontzeptua. Izan ere, «Mentxakaren aitorpena»k, norbanako baten bizikizunetatik abiatuta, garai jakin bateko argazki ederra eskaintzen du.

(…)

Liburua bi planotan egituratuta dago. Lehenengoan daude Poliziaren esku hamabost egun ematen dituen protagonistaren testigantzak. Ziega barruan, etengabe ari da esan behar dituen gezurrak eta gorde behar dituen egiak aztertzen. Bigarren planoan, berriz, atxilotu baino lehen egindakoak daude, eta hor itzal handiko pertsonak agertzen dira, hala nola, Txikia, Txomin Iturbe edota Argala. «Honela, jasan zuen torturaren berri ez ezik, garai hartako giroaren argazki paregabea ere ematen du Ardotxik, ondo jantzitako militante baten ikuspuntutik, gainera», nabarmendu zuen Egigurenek. (jarraitzen du)

Martin Anso

Gara, 2006-09-14

h1

Liburuaren aurkezpena: Bi hitz liburu honen alde / Rafa Egiguren

2006/09/13

Egun on, eta eskerrik asko etorri zaretelako.

Orain dela hogeita hamarren bat urte, soto honen gainean dagoen plazan, arkupetan, liburu-denda ba zegoen, txikia eta, aldi berean, aparta Udal Liburutegiarekin parez pare: Ardotxik eta Agus Ormazabal zenak sortu eta gobernatu zuten; Satorra zuen izena. Oraindik zabalik balego, titulu hau dagoeneko erakusleihoan legoke. Ez joan, hala ere, hara; taberna bat dago bere lekuan, baina liburua esku artean daukazue, eta bi hitz esan nahi ditut bere alde.

Hamabost egunean zituen Ardotxik komisarian, eta bere eskarmentuaren lekukotasuna utzi digu orriotan bizi-bizi. Aspaldi hartan ere –gaur, oraindik- zigorraren beldurrik gabe zebilen borrero zaharra, baina tortura eta laidoaren berri ez ezik, garai hartako giroaren argazki paregabea ere ematen digu bere lanak eta, gainera, ondo jantzitako militante baten ikuspuntutik. Etengabe bueltaka, esan behar dituen gezurrak eta gorde behar dituen egiak –ardurak, eginkizunak, jarduerak…- aztertzen ditu ziega barruan. Egunak joan eta egunak etorri, azken hiruzpalau urteetan egindakoak gogoratzen eta galdeketan sor litezkeen korapiloak aldez aurretik askatzen saiatzen da bere buruarekin bilduta. Inspektorearen bulegora igotzen dute goizero, eta badaki gogor borrokatu ezean, urte luzeak eman beharko dituela kartzelan; beraz, azken batean, eraso horren aurka jasotako gotorra bihurtzen da Mentxakaren aitorpena nahitaez.

Aspertzeko aukerarik ematen ez duen liburua da honoko hau; gaurkotasunik ia galdu ez duena, baina denboraren tolesturetan ahaztuta gelditzeko zorian egon dira kontakizun hauek luzaro; izan ere, garaileak bedeinkatzen du historia Gasteizen, Madrilen eta Washingtonen edo, neurri apalagoan bada ere, hegemonia nahikoa gorde ahal izan duenak bestela. Ezker abertzalearen mugak erabakitzen ari ziren –gaur egun bezala, beharbada- urte haietan ere, eta Ardotxik, bai orduan bai hil hurren, bazeukan horren berri; beraz, horra gomendioa.

Rafa Egiguren